KORONABIRUSA
Gabonetan etxean gehiago egoteko eta irakurtzeko eskatu die Bildarratzek ikasleei
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hezkuntza sailburuak ikastetxeetan egindako "lan handia" nabarmendu du: "Guztion artean leku seguru bihurtu ditugu".
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Gabonetan "etxean gehiago" egoteko eskatu die ikasleei, eta irakurtzera animatu ditu, oporren ostean, ikaslegetara itzultzean, inork nahi ez duen hirugarren olatu bat sahieste aldera.
Onda Vascan egindako elkarrizketa batean, Bildarratzek esan du dagoeneko lanean eta ikastetxeetako zuzendaritzekin hitz egiten ari direla, "Gabonei begira neurri bereziren bat hartu beharko balitz ere".
"Baina behin ikastetxeetan dagoen metodoa galduta: une oro maskara, eskuak garbitzea, babesa, aireztapena eta abar, eta haurrak oporretan askeago dabiltzanean, denak lasaitzen dira", gaineratu du.
Hori dela eta, ikasleei "etxean pixka bat gehiago egoteko" eskatu die, "lasaiago, eta agian irakurketari denbora pixka bat eskaintzeko". Bere ustez, irakurtzeko eta denbora "beste modu batera" pasatzeko aprobetxa daiteke, Gabonetako oporren ostean inrok nahi ez duen hirugarren olatu bat egon ez dadin.
"Guk ikastetxeen barruan jardun dezakegu, eta oporretatik bueltan, orain arte erabili dugun metodora itzuli behar dugu, kontingentzia planetara, funtzionatzen ari baitzaizkigu", adierazi du.
Familien erantzukizuna
Nolanahi ere, gaineratu du familia bakoitzaren eta ikasleen erantzukizuna ere badela "neurri seguruenei arreta ematen saiatzea, pandemiaren esparruan neurri positiboetan eta hobekuntza-neurrietan jarraitu ahal izateko", helburua ikasturtea aurrez aurrko eskoletakin amaitzea baita.
Ildo horretan, gogorarazi du ikasturtea hasi aurretik hiru agertoki aurreikusten zirela: lehena, normaltasunekoa, aurrez aurreko eskolekin; bigarrena, hibridoa", zentroetako batzuek modu presentzialean eta beste batzuek modu telematikoan eskolak emanez; eta hirugarrena, konfinamenduarena. "Zorionez, konfinamendua ahaztu ahal izango dugu", gaineratu du.
Gaur egun, lehen eta bigarren agertokien artean egoteko aukera lantzen ari dira. Ikastetxe gehienak lehenengoan dauden arren, gogorarazi du uneren batean ikastetxe batzuek ikasgelaren bat edo ikasleak izan ditzaketela bigarren agertoki horretan. "Baliteke ikasgela baten % 90 aurrez aurre egotea eta % 10 modu telematikoan aritzea", azaldu du.
Ikastetxeen lan handia
Ikastetxeen egungo egoerari buruz, Jokin Bildarratzek esan du ikastetxeek "lan handia" egin dutela kontingentzia planak egiteko orduan, eta zuzendaritzetatik eskola komunitateraino eta ikasleek "jarrera eredugarria" izan dutela.
Hori dela eta, orain "egoera onean" dagoela uste du, eta atzo 93 gela itxita egon zirela gogorarazi du, hau da, % 0,93. 17 554 daude guztira.
Sailburuaren esanetan, "oso lan ona" egin dute ikastetxeek, eta hori "aitortu eta eskertu beharrekoa" da. "Guztion artean ikastetxeak leku seguru bihurtu ditugu", azaldu du.
Zentzu horretan, ikastetxeetan arau eta protokolo "oso zorrotzak" daudela gogorarazi du, "era metodiko eta sistematikoan" betetzen direnak. Halaber, kutsatzeak "kanpotik" etorri direla gogorarazi du.
Sindikatuekin harremana
Bildarratzek elkarrizketa mezua helarazi die sindikatuei eta, eraginkorra izan dadin eta akordio bat egon dadin, negoziazioa egin behar dela esan du. "Diskrezioz ari gara lanean eta, zentzu horretan, nik ere ikusten dut sindikatuen leialtasuna, eta positiboa da", gaineratu du.
Bere ustez, "alde guztiek lan egiteko eta akordio bat lortzeko borondatea dute". "Hezkuntzaren alderdi guztiak berrikusten ari gara, oro har, baita lan-baldintzak ere, hezkuntza eraginkorragoa eta kalitate handiagokoa lortzeko", azpimarratu du.