Hauteskundeak
Eva Ferreira izango da EHUren errektore berria
eitb.eus
Ekonomia Aplikatuko katedradunak boto haztatuaren bi heren eskuratu ditu, izendatua izateko behar zuenaren bikoitza.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eva Ferreira Ekonomia aplikatuko katedraduna izango da Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) errektorea datozen urteetan, gaurko hauteskundeetan babes zabala eskuratu ostean. Hori horrela, Ferreirak hartuko du Nekane Balluerkaren kargua, unibertsitateko lehenengo emakume errektorearen lekua hain zuzen ere.
Ferreirak agerraldia egin du Bilbon Balluerkarekin batera, azken horrek hauteskundeetako emaitzen berri eman ostean. Behin behineko emaitzak jakinda, Ferreirak eskerrak eman ditu jasotako babesagatik, eta koronabirusaren ondorioz kanpainan izan dituen zailtasunak aipatu ditu, unibertsitateko komunitatera ezin izan duelako gerturatu nahi zuen "enpatiarekin eta hurbiltasunarekin".
Errektore berriak emaitza "unibertsitate publiko kontzientziarekin" ospatzeko deia egin du, eta esan du bere proiektuaren oinarrian dagoela "unibertsitatea gizartearen erdian kokatzea, eta gizartea unibertsitatearen erdian jartzea".
Gaurko hauteskundeetan 48.207 pertsona zeuden parte hartzera deituta: 5.492 irakasle eta ikerlari, 40.819 ikasle, eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Pertsonaleko 1.896 kide.
Hauteskundeetan botoa haztatua izan da, ondorioz, irakasleen eta ikerlarien botoek % 65,84ko pisua zuten; ikasleenak % 22,08koa, eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Pertsonaleko kideenak % 12,08koa. Gainera, batzuk aurrez bozkatu zuten, azaroaren 9tik 23ra.
Hautagai bakarra aurkeztu denez, aldeko botoa edo boto zuria eman zitekeen.
Gaurko bozketa 9:00etatik 17:00etara izan da, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako kanpusetako 57 hauteskunde-mahaitan banatuta, eta Eva Ferreirak boto haztatuaren % 66,24 eskuratu du, eta % 33,76a boto zuria izan da. Hala ere, parte-hartzea % 7koa izan da.
Emaitzak abenduaren 4an aldarrikatuko dituzte behin betiko, inpugnazioak aurkezteko epea igaro ondoren, eta kargua urtarrilaren lehen hamabostaldian hartuko duela aurreikusten da.
Eva Ferreira doktorea (Barakaldo, 1963) Ekonomia Aplikatuko katedraduna da, eta Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakaslea. EHUko Ekonomia Gaietako eta Ikasketa Antolaketako errektoreorde (2004-2008), unibertsitate bereko idazkari nagusi (2009-2012) eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziako zuzendari (Unibasq, 2015-2019) izan da.