Koronabirusa
Gorlizko Ospitaleak bisitak berreskuratu ditu; Santa Marinak, ostera, mugatu ditu
Agentziak | Erredakzioa
Agerraldia kontrolatu ondoren, bisitak, errehabilitazio kontsultak eta ospitaleratzeak martxan ditu Gorlizek. Santa Marinan, aldiz, bizitzaren azkenean diren pertsonak bisitatzeko aukera dago soilik.
Azaroaren 7an bertan behera geratu ziren bisitak eta jarduera berreskuratu ditu Gorlizko Ospitaleak. COVID-19 agerraldi bati aurre egiteko neurri “zorrotzak” martxan jarri zituen zentroak, profesionalen eta pazienteen segurtasuna bermatzeko. Santa Marina Ospitaleak, ostera, senideen bisitak aldi baterako mugatu behar izan ditu, zenbait positibo antzeman ondoren, Osakidetzak jakitera eman duenez.
Agerraldia kontrolatu ondoren, dagoeneko bisitak, errehabilitazio kontsultak eta ospitaleratzeak martxan ditu Gorlizko Ospitaleak, pandemiari aurre egiteko protokoloak eta segurtasun neurriak mantenduz.
Aurreneko positiboak baieztatu ziren unetik birusari aurrea hartzeko neurriak hartu zituzten, hala nola, bisitak mugatzea, ospitale osoa desinfektatzea, eta profesional zein pazienteei hiru baheketa jarrai egin zitzaien. Honezkero, agerraldia kontrolatutzat jo dute, eta Gorlizko Ospitaleak bere jarduera berreskuratu du, Osakidetzak azaldu duenez.
Paziente, senide eta profesionalen lankidetza berriro eskertu du Gorlizko Ospitaleak. Bestalde, Osasun Sailak prebentzio neurriak mantentzeko beharra azpimarratu du berriz: distantzia, maskara eta eskuak garbitzea.
Santa Marina
Santa Marina Ospitaleak, aldiz, senideen bisitak aldi baterako mugatzea erabaki du, COVID-19 zenbait positibo antzeman ondoren. Horrela, bizitzaren azkenean dauden pertsonak soilik bisitatzea posible izango da.
Birusa zabaltzea eragozteko, paziente eta profesional guztien artean baheketa egiten ari dira osasun zentroan. Era berean, positiboak agertu diren solairuetan garbiketa eta desinfekzioa egin dituzte.
Pazienteen eta profesionalen segurtasuna bermatzeko neurriak dira guztiak, Osakidetzak nabarmendu duenez. Santa Marina Ospitaleak zerbitzu guztiak eskaintzen jarraitzen du, erantsi dutenez.