HIZKUNTZA
Feminismoari eta berdintasunari buruzko euskarazko lehen hiztegia sortu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Feminismoa eta berdintasunaren alorreko oinarrizko terminoak eta dagozkien kontzeptuak modu zehatzean eskaintzen ditu.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak "Feminismoa eta Berdintasuna" hiztegia aurkeztu dute gaur. Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria izan dira gaur Euskadiko Artxibo Historikoan egin den prentsaurrekoan. Beraiekin batera hiztegiaren lanketa-prozesu desberdinetan parte hartu duten Itziar Diez de Ultzurrun eta Lorea Agirre ere egon dira.
"Feminismoa eta Berdintasuna" hiztegia Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Emakundek elkarlanean landutakoa da. Feminismoaren eta berdintasunaren alorreko oinarrizko terminoak eta dagozkien kontzeptuak eta definizioak modu zehatzean eskaintzen ditu. Indarrean dagoen legeriak ezartzen dituen kontzeptuak dira, baina baita gizarte mugimenduetatik sortutakoak eta nazioartean erabilitakoak ere. Euskararen terminologia gaurkotzeko, finkatzeko eta normalizatzeko bidean, gure gizarte osoarentzat hain garrantzitsua den pertsonen arteko harremanetan oso beharrezkoak diren kontzeptuak eta terminoak euskaraz finkatzen ditu.
Gaurko prentsaurrekoan Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek adierazi duenez, "hiztegi hau behar beharrezkoa da une honetan, feminismoaren eta berdintasunaren alorreko oinarrizko terminoak eta dagozkien kontzeptu eta definizioak eskaintzen dizkigulako eta gure gizartearen garapenenerako eta sexuen arteko berdintasun-kultura sustatzen laguntzeko tresna delako”. Dobaranek gaineratu duenez, "euskara berritzen eta modernizatzen doa egunetik egunera, eta normalizazioaren bidean urrats sendoak emateko alor guztietako terminologia zehaztea ezinbestekoa da, euskararen aberastasun lexikoa elikatzea, zaintzea eta sustatzea”.
Bestalde, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak hiztegi hau "elkarlanean oinarritzen den egiteko modu baten isla" dela adierazi du; elkarlana Jaurlaritzako sail ezberdinen artean eta gizarteko eragileekin. Landaidaren esanetan, "aliantzak behar ditugu. Euskarak behar ditu eta berdintasunak baita ere". Emakundeko zuzendariak bereziki eskertu du hiztegia lantzeko lehen fasean parte hartu zuten adituen ekarpena, beraiek egin zutelako hiztegiaren oinarrizko planteamendua.
Hiztegiaren lanketa-prozesua
Hiztegia Elhuyar Fundazioak egin du, Emakunderen eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren enkarguz. Horretarako emakume aditu-talde batekin lan egin du. Ondoren, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak horretarako espresuki sortutako batzorde tekniko batek aztertu du. Azkenik, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordeko kideen eztabaida eta gogoeten ondoren, adostasuna eta kontsentsua lortu eta onespena eman zaio hiztegiari. Lan-prozesu horren helburua izan da euskarazko terminologia-lanaren kalitatea bermatzea.
"Feminismoa eta Berdintasuna" hiztegia Euskalterm Terminologia Banku Publikoan txertatuta dago eta bertan kontsulta daiteke. Gainera, Euskaltermen interfazetik hiztegiaren PDF bertsiora irits daiteke.
Euskalterm Terminologia Banku Publikoa da, hain zuzen ere, Terminologia Batzordeak finkatutako eta onetsitako terminologia-lana zabaltzeko ardatza, eta Terminologia Batzordeak onartutako jarduketa-planetan ezarritako lehentasunen arabera eguneratzen da. Terminologia-lanaren plangintza martxan jarri zenetik, Terminologia Batzordeak 66 hiztegi terminologiko onartu ditu eta denak daude Euskaltermen integratuta.