Eguraldia
Abisu horia elurra 500 metrora jaitsiko delako EAEn
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gainera, alerta laranja jarriko dute itsasoan olatu handiak egongo direlako, 5-6 metroko altuerakoak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du itsasorako larunbatean olatu handiak egongo direlako, 5-6 metroak. Gainera, abisu horia ere egongo da indarrean , elur kota 500 metroraino jaitsiko delako, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Itsasoko alerta laranja ostiralean jarri da martxan, goizaldeko hiruetan, eta larunbateko 24:00etan amaituko da, 5 metrotik gorako olatuak espero direlako, larunbat arratsaldean bereziki.
Era berean, ostiralarekin batera abisu horia jarri dute martxan larunbata amaitu arte, elur-kota 500-700 metrora jaitsiko delako.
Euskalmeten arabera, EAEra Altlantikoko borraska zabal eta sakon bat iritsiko da, Artikoko aire hotza dakarrena, eta, ondorioz, denboraldiko lehenengo negu giroa izango dugu. Olatu handiez gain, tenperaturek behera egingo dute nabarmen, prezipitazioak ugarituko dira, kazkabar ekaitzak egongo dira, elur-kotak behera egingo du eta haize gogorra ibiliko da.
Itsasoaren egoerak nabigazioari eragingo dio batik bat, baina itsasgoretan urak gainez egin dezake. Hori horrela, abisu horia ezarri dute kostan olatu handien alertarekin batera.
Elurraren abisu horiari dagokionez, larunbat osoan egongo da indarrean, baina kota baxuenean egongo denean prezipitazio gutxi espero da barnealdean. Gainera, kostan espero da prezipitazio gehien, ezegonkortasunarengatik, eta ekaitza eta kazkabarra bota dezake.
Larunbatean ere 500-600 metroan kokatuko da elur-kota, agian beherago ekialdean eta ekaitza dagoenean. Prezipitazioak ugariak izango dira arratsaldean Kantauri isurialdean.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak larunbat arratsaldean eta igandean mendirako irteerak saihestea gomendatu du, batez ere 700-800 metrotik gorako altueretan. Izan ere, egoera meteorologikoa oso desatsegina izango da, haizea, giro hotza eta elur itxurako prezipitazioak izango dira, eta tontorrean kantitate esanguratsuak pilatu ahal izango dira.
Elurra kentzeko 38 makina prestatu dituzte Nafarroan, prebentzio gisa
Lurralde Kohesiorako Departamentuak elurra kentzeko 38 makina prestatu ditu larunbat goizalderako, iragarpen meteorologikoek datozen orduetan Nafarroako errepideetan elurra ez dela pilatuko iragarri arren.
Estatuko Meorologia Agentziak (AEMET) egindako iragarpenaren arabera, elurragatik ezarritako alerta horia bertan behera utzi dute Nafarroan 18:00etatik aurrera.