Koronabirusa
Covid-19ari buruzko 90 ikerketa baino gehiago abiatu dituzte EAEn
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bestalde, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak berretsi egin du osasun egoera "larria" dela, datuak hilabetean hobetu badira ere.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Autonomia Erkidegoan covid-19ari lotutako 90 ikerketa baino gehiago daude martxan une honetan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi duenez.
EITB Maratoiaren azken txanparen aurkezpenean izan da Sagardui eta han eman du datu hori. Koronabirusaren ikerketara bideratzeko dirua biltzea da aurtengo edizioaren helburua. Ekarpenak telefonoz deituta edo eitb.eus atariaren bidez egin daitezke.
Ekitaldian, Sagarduik esan du osasun sistema publikoa "oso aktiboa" izan dela pandemia hasi zenetik, parte-hartzeari eta abian jarri dien ikerketa kopuruari dagokionez.
Hilabeteotan 90 ikerketa jarri dituzte martxan, 3.900 pazientek hartu dute parte eta 30.000 lagin batu dituzte. "Euskal erakundeek ikerketaren alde urteetan egindako apustuaren ondorioz dira posible horrelako ekimenak", azpimarratu du EITB Maratoian parte hartzeko dei eginez.
Ordu batzuk geroago, Sagarduik agerraldia egin du Legebiltzarrean pandemiaren bilakaerari buruzko azalpenak emateko. Azken orduetan 564 positibo detektatu dituzte EAEn eta joan den astean 81 pertsona hil ziren koronabirusarekin.
Osasun sailburuak adierazi du datuak hobeak direla joan den hilabetearekin alderatuz gero, baina "guardia ez jaisteko" eskatu du, egoera larria dela eta ospitaleetan presioa handia dela ohartarazita.
Horrela, bada, azken asteetako mezuari eutsi dio: "hobera egiten ari gara, baina gaizki gaude".
Txertoari dagokionez, Sagarduik esan du ez dakitela EAEn banatuko den txertoa zein izango den eta, beraz, oraindik zalantza asko argitzeko daudela nabarmendu du. "Une honetan txertorik onena prebentzioa da", erantsi du.