Itxi

Ikuskapen kanpaina

Zazpi telefono konpainia zigortu ditu Kontsumobidek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Horietako hiruri zigor espedientea ireki die irregulartasunak atzeman ostean. Gainerakoak ikuskapen zerbitzuekin ez kolaboratzeagatik zigortu ditu.

Zazpi telefono konpainia zigortu ditu Kontsumobidek. CCO lizentzia duen argazkia

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak zazpi telefono konpainia zigortu ditu Euskadin, arlo ezberdinetan kontsumitzaileen eskubideak arautzen dituzten legeak ez betetzeagatik, telefono eta Internet bidez egindako hainbat kontratu ikuskatu ostean. Konpainia horietako hiru irregulartasunengatik zigortu ditu. Gainerakoak ikuskapen zerbitzuekin ez kolaboratzeagatik.

Kontsumoko Euskal Institutuak azaldu duenez, kanpaina baten baitan egin dituzte azterketa horiek. Guztira, 150 kontratu ikuskatu dituzte, telefono bidez eta online bidez egindakoak bereiziz.

Horretarako, Euskadin fakturazio handiena duten zazpi konpainiak aukeratu dituzte, tartean Kontsumobiden salaketa gehien jaso dituztenak.

Horrekin lotuta, ostegun honetan ikuskapen kanpaina horren emaitzak jakinarazi dituzte, eta argi utzi dute "irregulartasunak atzeman dituztela urtean zehar ehunka erreklamazio jasotzen dituen sektore horretan".

Konplexutasuna

Kontsumobidek egindako ikerketaren arabera, fakturazio prozesu oso konplexuak dituzte konpainia guztiek, eta horrek zaildu egiten du bezeroak kontratatutako zerbitzuak soilik kobratzen dituzten aztertzea. Kasu askotan, data ezberdinetan kontratatutako zerbitzuak batu edo ezberdin izendatzen dituzte.

Hartara, esan bezala, gisa horretako irregulartasunekin lotuta zigortu dituzte hiru konpainia. Gainerako lau enpresek, berriz, ez dute ikerketarako behar zuten dokumentazioa aurkeztu edo ez diote Kontsumobideren eskariari erantzun. Hori dela eta, ikuskapen zerbitzuekin kolaboratu ez izanagatik, ireki die zigor espedientea, horretara behartuta baitaude.