Itxi

Euskal Autonomia Erkidegoa

2.324 pertsona hil dira mendekotasun laguntzen zain EAEn, azarora arte

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

2020an, itxaron zerrendetan hildako gehien izan dituen espainiar Estatuko seigarren autonomia erkidegoa da EAE.

2.324 pertsona hil dira mendekotasun laguntzen zain EAEn, azarora arte. Argazkia: EFE

Guztira, 2.324 pertsona hil dira mendekotasun laguntzaren zain Euskal Autonomia Erkidegoan azarora arte. Horietatik 2.013k onartuta zeukaten laguntza jasotzeko eskubidea; gainerako 311 kasuak aztertu gabe zituzten oraindik, Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien eta Kudeatzaileen Estatuko Elkarteak jakinarazi duenez.

Horrek esan nahi du itxaron zerrendetan hildako gehien izan dituen espainiar Estatuko seigarren autonomia erkidegoa dela EAE, Katalunia, Andaluzia, Madril, Valentzia eta Kanariar Uharteen ostean.

Estatuko datuak kontuan hartuta, hilabete bakarrean (azaroan) 4.339 pertsona hil ziren laguntza horien zain. Urteko datuei dagokienez, 51.540 dira orain arte hildako pertsonak.

Aipatutako elkarteak zehaztu du bederatzi minututik behin pertsona bat hiltzen dela "legearen nahaspila burokratikoaren erruz", eta salatu du lege horren zain dauden 318.115 pertsona arretarik gabe utzi dituztela.

Covid-19aren eragina

Bestalde, Gizarte Zerbitzuetako Zuzendarien eta Kudeatzaileen Estatuko Elkarteak adierazi du covid-19ak mendekotasun laguntzetan izan duen eragina "katastrofikoa" izan dela, eta horrek min eta sufrimendu handia sortu duela mendekotasun egoeran dauden pertsonen eta haien senitartekoen artean.