Itxi

Koronabirusa

Positibo tasa % 5,6ra jaitsi da EAEn eta % 4,9ra Nafarroan

EITB.EUS

Leer en Castellano

Astelehen honetan, covid-19aren 369 emaitza positibo atzeman dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 61 Nafarroan.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Kutsatze tasa % 6tik behera jaitsi da berriro EAEn, eta % 5,6an kokatu da. Intzidentziak ere behera egin du, 338,39 kasurekin, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez. Nafarroari dagokionez, 1.358 proba egin dira eta positibo tasa % 4,9ra jaitsi da.

Kutsatze tasa ez da % 6tik jaitsi joan den ostegunetik (% 5,2ko tasa). Astelehenean, 6.616 proba diagnostiko egin zituzten eta 369k emaitza positiboa eman zuten (igandean baino 54 gehiagok).

Lurraldeka, kutsatu berrien artean, 81 Araban zeuden, 140 Bizkaian, 145 Gipuzkoan eta bat EAEtik kanpo.

Ospitaleen egoerari dagokionez, atzo 59 gaixo ospitaleratu zituzten, eta orotara, 384 pertsona daude gela arruntetan eta 128 ZIUetan. Azken hauetan, hiru pertsona gutxiago.

14 egunean 100.000 biztanleko metatutako intzidentzia tasa jaitsi egin da, eta 338,39 kasutan dago. Jaitsiera hori hiru lurraldeetan gertatu da: 344,61 kasu Araban, 284,03 Bizkaian eta 405,75 Gipuzkoan.

Gune gorriko udalerrien kopuruak ere behera egin du: larunbatean zazpi ziren, eta igandean, berriz, bost. Kutsatutako 500 pertsonatik gorako tasarekin jarraitzen zuen hiriburu bakarrak, Donostiak, zerrenda hori utzi eta 495,45 kasura jaistea lortu du.

Gipuzkoako beste udalerri batek ere alde egin du, Bergarak, baina mugan jarraitzen du, 499,87 kasurekin. Arrasatek, Eibarrek eta Ordiziak arrisku handieneko egoeran jarraitzen dute lurralde horretan. Araban, berriz, ez dago herririk gune gorrian, eta Bizkaian Arrigorriaga eta Ermua daude oraindik.

Nafarroak 66 positibo berri eta heriotza bat erregistratu ditu

Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak emandako datuen arabera, covid-19aren 66 kasu positibo berri atzeman zituzten astelehen honetan, osasun sistema publikoan 1.358 proba egin ostean (1.079 PCR eta 279 antigeno test), % 4,9ko positibo tasarekin.

Ikuspegi epidemiologikotik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du atzo beste hiru ospitaleratze izan zirela Foru Erkidegoan, horietako bat ere ez ZIUn. Bestalde, atzo ez zen covid-19arekin lotutako heriotzarik izan, eta aurreko egunetan 85 urteko emakume bat hil zela jakinarazi zuten. Guztira, 911 heriotza baieztatu dira.

Espainiako Gobernuak jakitera eman duenez, Nafarroa da, beste aste batez, covid-19aren proba diagnostiko gehien egiten dituen erkidegoa: 724,52 proba 1.000 biztanleko, Osasun Ministerioaren estatistika ofizialaren arabera. Estatuko batez bestekoa 406,51 da 1.000 biztanleko.

Eskualdeka, Iruñean eta eskualdean izan dira positiboen % 69, Tuteran % 19 eta Lizarran % 6. Gainerako positiboak (% 6) Nafarroako beste eskualde batzuetan atzeman dira.

Ospitaleei begira, Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 158 pertsona daude ospitaleratuta covid-19arekin (atzo baino bost gehiago); horietako 25 ZIUan daude (atzo baino bi gutxiago) eta beste 15 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bi gutxiago). Gainerakoak, 118 paziente, gela arruntetan daude. Pertsona horiek guztiek positibo eman zuten PCR proba batean, ospitaleratzearen arrazoia infekzio hori izan edo ez, eta covid-19 kasuak artatzeko espazioetan daude.

Birusak eragindako kutsatzeen intzidentzia metatua, eguneroko igorpenen arabera, 40.310 kasutan dago Nafarroan.

Bizkaiko zahar-etxeen egoera

Bizkaiko adinekoentzako egoitzetan ez da hildakorik izan azken bi egunetan; alabaina, azken orduetan beste agerraldi bat izan da Txurdinagaberrin, 25 pertsona kutsaturekin, Foru Aldundiak jakitera eman duenez.

Bizkaiko egoitzetan (105 zentro, 10.748 plazarekin), astelehenean, 85 erabiltzaile zeuden emaitza positiboarekin, bi egun lehenago baino 25 gutxiago, eta 28 egoiliar zeuden ospitalean, aurreko txostenean baino bost gehiago.

115 dira Bizkaiko egoitzetan positibo eman duten langileak, duela bi egun baino hiru gehiago, eta 51 langile (hiru gehiago) daude isolamenduan, gaixotasuna baieztatu gabe.

Gipuzkoako zaharren egoitzetan, haatik, pertsona bat hil da covid-19ak jota azken orduetan. Gainera, Aldundiak eta DYAk egindako PCR probei esker, bost kasu berri atzeman dituzte.

Astearte honetan Foru Aldundiak emandako datuen arabera, guztira 99 dira bigarren olatuan Gipuzkoako erresidentzietan hildako adinekoak.

Bestalde, sei pertsonak gaixotasuna gainditzea lortu dute azken orduetan, eta 85 daude ospitaleratuta.

Gaur gaurkoz 160 kasu positibo daude Gipuzkoako zaharren egoitzetan, eta abuztuaren 11az geroztik 359 pertsonak lortu dute gaixotasunari aurre egitea.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Albisteak (5)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)