Koronabirusa
25 pertsona kutsatu ditu covid-19ak Bilboko Txurdinagabarri erresidentzian
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Positibo eman duen pertsonetako bat ospitalera eraman behar izan dute, sintomak zituelako. Beste lau Birjinetxe unitatean daude, eta gainerakoak zaharren egoitzan geratu dira, sintomarik gabe.
Bizkaiko erresidentzietan ez da inor hil azken 48 orduetan, baina Txurdinagabarri zahar-egoitzan, Bilbon, 25 pertsona kutsatu ditu covid-19ak, Foru Aldundiak jakitera eman duenez.
Guztira, 105 erresidentzia ditu Bizkaiak (10.748 plaza), eta astelehenean 85 egoiliar zeuden kutsatuta, larunbatean baino 25 pertsona gutxiago. Alabaina, 28 adineko ospitaleratuta daude gaur-gaurkoz.
Langileei dagokienez, 115 dira orotara positibo eman dutenak, duela bi egun baino hiru gehiago. Gainera, 51 behargin isolatuta daude, oraindik ez dakitelako gaixo dauden ala ez.
Halere, gaur eman dituzten datuak kontuan hartuta, nabarmen egingo du gora Bizkaiko erresidentzietan kutsatutako pertsonen kopuruak. Izan ere, Txurdinagabarri zahar-egoitzan egin duten baheketan 25 positibo berri atzeman dituzte. 220 egoiliar eta 211 langile ditu zentro horrek.
Dirudienez, kutsatutako adineko guztiak egoitza horretako solairu berekoak dira. Horietako bat ospitalera eraman behar izan dute sintomak zituelako. Beste lau Birjinetxe unitatean daude, eta gainerakoak zaharren egoitzan geratu dira, sintomarik gabe.