KORONABIRUSA
Covid-19aren antigorputzak atzemateko farmazietan eskuragarri dagoen testaren gakoak
EITB.EUS
Adituen arabera, birusarekin kontaktuan egon ondoren antigorputzak garatu diren esaten du probak, baina ez une honetan kutsatuta zauden. Medikuaren errezetarekin bakarrik erosi ahal izango dira.
Euskal farmaziak aste honetan hasi dira koronabirusaren antigorputzak detektatzeko lehen test azkarra jasotzen. Jendeari saltzeko merkaturatzen den lehena da, hori bai, medikuaren errezetarekin bakarrik eskuratu ahalko da. EAEko eta Nafarroako farmazietan banaketa astearte honetan hasi da, LOMHIFAR Lasarteko enpresaren eskutik.
Antigorputzak atzematen dituen testa da; hau da, infekzioaren eraginpean egon garen eta immunoglobulinak eta SARS-CoV-19 koronabirusaren aurkako antigorputzak garatu ditugun. Dena den, antigorputzen proba honek ezin du zehaztu une honetan COVID-19aren birusarekin kutsatuta zauden ala ez.
Botikariek azken egunotan ohartarazi dutenez, Covid-19a atzemateko proba honetako balizko positiboak PCR proba batekin baieztatu behar dira. Antigorputzen testa den aldetik, medikuaren agindua behar da. Gainera, gogorarazi dute errezeta eta emaitzek "beti eskatzen" dutela osasun-profesional baten interpretazioa eta esku-hartzea.
Mikrobiologo batzuen esanetan, "antigorputzak detektatzeko proben positibotasunak ez du pazientearen immunitatea bermatzen; beraz, emaitza edozein dela ere, guztiek babes-neurri berak betetzen jarraitu beharko dute".
Proba 10 minututan egiten da, hatz-mamiari ziztada bat emanda eta odola haurdunaldiko proba baten antzeko gailu batean aplikatuta, eta horrek erraztu egiten du norberak bere buruari proba egitea.
Nola funtzionatzen du?
Kitak honako hauek hartzen ditu barne:
- Eskuak ondo garbitzeko eskuzapitxo bat
- Ziztadarako bi lantzeta
- Odola jartzeko gailu bat
- Odolarekin nahasteko disolbatzailea
Lehenik eta behin, eskuak ongi garbitu behar dira kitak berak dakarren toallatxoarekin. Lantzetako segurtasun-muga kendu eta, hatza apur bat masajeatu ondoren, ziztatu egin behar da. Odola ateratzen hasten denean, gailuaren barruan gordeko dugu (marra beltzeraino bete behar da). Lortutako odola gailuaren ontzi txikira botatzen da, ondoren. Disolbatzailearen bi tanta gehitu ondoren, 10 minutu itxarongo dugu emaitza izateko (ez gehiago, ez gutxiago). 10 minututik pasatzen bada, baliteke emaitza zehatza ez izatea.
BIDEOA: Nola funtzionatzen du covid-19aren autotestak? (Originala gazteleraz)
LOMHIFAR Lasarteko enpresa arduratzen da test horiek emateaz EAEn eta Nafarroan, eta, enpresako arduradunak dioenez, produktua behar duten farmazia guztiak hornitzeko adina hornidura izango dute.