Itxi

Koronabirusa

Tabernak irekiko dituzte eta mugikortasuna lurralde historikora zabalduko dute EAEn

EiTB.EUS

Leer en Castellano

Probintzia bereko herri batetik bestera mugitzea baimenduko dute, eta Gabonetako egun zehatzetan EAEtik irtetea posible izango da. Neurri berriak larunbatean sartuko dira indarrean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Hilabete baino gehiagoz itxita egon ostean, tabernak eta jatetxeak irekiko dituzte 100.000 biztanleko 500 kasu positibo baino gutxiago dituzten herri eta hirietan, eta Gabonetan mugikortasuna baimenduta egongo da Euskal Autonomia Erkidegoan, abenduaren 23a arte norbere lurraldetik ateratzea galarazita egongo bada ere.

Neurri berriak datorren larunbatetik -abenduak 12- urtarrilaren 11ra bitartean egongo dira indarrean. Egun horretan berriro bilduko dira.

Iñigo Urkullu lehendakaria buru, LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak bilera egin du arratsaldean koronabirusaren pandemiaren egoera aztertzeko eta datozeen asteetarako neurri berriak erabakitzeko.

Batzarraren osteko agerraldian, Urkulluk iragarri du ostalaritzan neurriak "malgutuko" dituztela. Hala, 100.000 biztanleko 500 kasu positibo baino gutxiago dituzten herri eta hirietan, terrazak % 100ean irekiko dituzte eta establezimendu barruko edukiera % 50era mugatuta egongo da. Barran eta zutik kontsumitzea debekatuta egongo da. Tabernak eta jatetxeak ezingo dira 06:00ak baino lehen ireki eta 20:00etarako ateak itxi beharko dituzte (zerbitzuguneetan salbu).

Bestalde, konfinamendu perimetralak indarrean jarraituko du Euskal Autonomia Erkidegoan, eta mugak ondoko egunetan soilik irekiko dituzte: abenduaren 23tik 26ra bitartean eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra.

Horrez gain, udal konfinamendua kenduko dute eta probintzia bereko udalerri batetik bestera mugitzea baimenduko dute abenduaren 23ra arte.

Gainera, etxeratze aginduak indarrean jarraituko du 22:00etatik 06:00etara. Dena den, abenduaren 24tik 25era doan gauean eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era doan gauean 01:30era arte egongo dira baimenduta joan-etorriak.

Bestalde, sei pertsonatik gorako bileren debekuari eustea erabaki dute, nahiz eta Lurralde arteko Kontseiluak gabonetako ospakizunetarako jarritako salbuespenak errespetatuko dituzten. Topaketa horietan gehienez 10 pertsona batu ahalko dira.

Gabon festetako ekitaldiei dagokienez, erabat debekatuta egongo dira jendetza batu ohi duten ospakizun guztiak.

Beste neurri batzuk

Musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da aurrerantzean ere, jaten edo edaten ari garenean izan ezik.

Kirol federatuan sei pertsonako taldeak baimenduko dituzte, baina orain arte ezarritako gainerako neurri guztiak malgutu gabe.

Azkenik, Gabonetara begira, erresidentzietako bisiten araudia aldatzeko konpromisoa erakutsi du lehendakariak.

Neurri berriak iragartzeko agerraldian, lehendakariak "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu die herritarrei eta "dena egun batetik bestera" alda daitekeela adierazi du.

Urtarrilaren 11rako osasun egoera hobea izatea nahiko lukeela azpimarratuta, egun horretan "neurriak arintzea edo gogortzea" erabaki beharko dutela gogoratu du. "Dena ustekabean alda daiteke; egoera hau urrian bizi izan genuen eta ez dugu horrelakorik berriro bizi nahi, pertsonen osasunari, osasun emozionalari eta esparru sozio-ekonomikoari eragiten diolako".

Horregatik, covid-19ari aurre egiteko neurriak zorrotz betetzeko deia egin du Urkulluk: "Gure bizitzak eta ingurukoena salbatuko ditugu horrela".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Albisteak (3)

Bideoak (1)