Koronabirusa
Urkullu: "Norbanakoaren kontzientzia da babes neurri garrantzitsuena"
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Lehendakariak argi utzi du egoeraren arabera neurriak alda litezkeela. "Egun batetik bestera malgutu edo zorroztu egin ditzakegu", esan du.
Iñigo Urkullu lehendakariak asteazken honetan covid-19ari aurre egiteko iragarritako neurri berriei buruz esan du "egun batetik bestera alda litezkeela". Hori dela eta, "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu die herritarrei.
LABI aholku batzordea bildu ostean, Urkulluk agerraldia egin du datozen asteetarako eta Gabonetarako neurrien berri emateko. Pandemiari aurre egiteko joan den azaroaren 6tik indarrean dauden hainbat neurri malgutu dituzte.
Tabernak eta jatetxeak beranduenez 20:00etan itxi beharko dituzte. Probintzia bereko herri batetik bestera mugitzea baimenduko dute, eta Gabonetako egun zehatzetan EAEtik irtetea posible izango da.
Neurriak larunbat honetatik urtarrilaren 11 arte egongo dira indarrean. "Egun horretarako osasun egoerak hobera egin dezala nahiko nuke", esan du lehendakariak.
Alabaina, ohartarazi du egun horretan "neurriak arintzea edo gogortzea" erabaki beharko dutela. "Dena ustekabean alda daiteke; egoera hau urrian bizi izan genuen eta ez dugu horrelakorik berriro bizi nahi, pertsonen osasunari, osasun emozionalari eta esparru sozio-ekonomikoari eragiten diolako".
Horregatik, covid-19ari aurre egiteko neurriak zorrotz betetzeko deia egin du Urkulluk: "Gure bizitzak eta ingurukoena salbatuko ditugu horrela".