ELKARRIZKETA
"Ez gara gonbidatzen ari Durangotik Bilbora joatera lagunekin tragoak hartzeko"
RADIO EUSKADI | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak hartutako neurri murriztaileak defendatu ditu, osasunaren, jarduera ekonomikoaren eta ongizate emozionalaren arteko "oreka" bilatzen dutela iritzita.
Your browser doesn’t support HTML5 video
LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak bilera egin ondotik Iñigo Urkullu lehendakariak atzo iragarritako neurri murriztaile berriak defendatu ditu Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, mugikortasunari buruzko hausnarketa egin du. Haren esanetan, probintzia barruan mugitzeko askatasuna izateak ez du esan nahi lagunekin zerbait hartzeko edo kirola egiteko Durangotik Bilbora joan behar denik. "Bakoitzak jakingo du pote bat hartzera joateko Oiondik Gasteizera joateko beharra duen ala ez.", azaldu du bozeramaileak.
Bingen Zupiriak azpimarratu duenez, hurrengo hilabeteak ere tentsio handikoak izango dira eta "gure askatasun indibiduala baldintzatzen duten neurri murriztaileekin bizi beharko gara". Zupiriak osasunaren eta gizartearentzat garrantzitsuak diren beste batzuen arteko "oreka" aldarrikatu du: "Egoeraren larritasuna jakinarazi izana espero dugu, nahiz eta kutsatze datuak hobetu ditugun, osasun larrialdi egoeran jarraitzen dugulako". Bozeramaileak onartu du presioa "oso handia" dela Zainketa Intentsiboko Unitateetan, hein handi batean, "tratamenduei esker jende gutxiago hiltzen ari delako".
"Oreka lortu dugu osasunaren eta lanaren artean, baina ez osasunaren eta taberna edo jatetxeen artean". Zupiriak aitortu du aurrez izandako esperientziak ez duela baikor izateko esperantzarik eskaintzen: "Herritarrok ez dugu behar bezala jokatzen, eta ostalaritzako arduradun batzuek ere ez dute behar adinako enfasirik jarri". "Beste itxialdi bat eragingo dugu", ohartarazi du. Neurriak 2021eko urtarrilaren 11ra arte egongo dira indarrean.
Eusko Jaurlaritzako sail guztien zailtasunak errepasatu ditu Zupiriak, eta "presioa" egoera pairatzen duten sektore guztietatik datorrela onartu du. "Denok sentitzen dugu garondoan bere jarduera motelduta ikusten duen gizartearen presioa".
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du