Itxi

ASTRONOMIA

Geminidak eta eguzki eklipse osoa izango dira datorren asteko protagonistak

EITB.EUS

Leer en Castellano

Abenduaren 13tik 14rako gaua izango da izar iheskorren euria ikusteko unerik onena. Eguzki eklipse osoa ere astelehenean izango da, baina ez da Euskal Herritik ikusiko.

Geminidak, 2017. Argazkia: Kanarietako Astrofisika Institutuarekin (IAC)

Datorren astearen hasieran bi gertaera astronomiko izango dira protagonista: Geminidak eta eguzki eklipse osoa.

Geminiden izar euria urtero abenduaren 14 aldera gertatzen den meteoro-euria da (“izar iheskorrak” izenarekin ezagutzen dira). Aurten, ipar hemisferio osotik ikusi ahal izango da, abenduaren 4tik 17ra bitartean gutxi gorabehera.

Abenduaren 14an harrapatuko du aurten bere mailarik gorena, 02:00ak aldera (penintsulako ordutegia); ondorioz, ekitaldia ikusteko gaurik onena abenduaren 13tik 14ra bitartekoa izan beharko litzateke, Espainiako Institutu Geografiko Nazionalak (IGN) adierazi duenez.

Gainera, aurten ilargi berria izango da; ondorioz, gau osoan zehar zerua ilun egongo da eta meteoro-euria bere intentsitate osoarekin ikusi ahal izango da.

Izar iheskorrak ikusteko, komeni da leku ilunen bat (argi-kutsadurarik gabea) hautatzea, zerumugan trabarik ez duena, eta begiak zeruko puntu jakin batera begira izatea, gutxienez, minutu batzuetan.

Aurten, fenomenoa Teide (Tenerife) eta Roque de los Muchachos (La Palma) behatokietatik zuzenean emango dute sky-live.tv-n. Emankizun hori Energy Efficiency Laboratories (EELabs) proiektuarekin, Kanarietako Astrofisika Institutuarekin (IAC), Sodepal La Palmako Gobernuko enpresa publikoaren Antropologia Dibulgatzeko Programarekin eta La Palmako Gobernuaren Berrikuntza Zerbitzuarekin elkarlanean egingo da.

Eguzki eklipsea osoa

Astelehenean, abenduaren 14an, eguzki eklipse bat ere izango da, aurtengo bakarra, eta Txilen eta Argentinan ikusi ahalko da. Eklipse mota hau Lurra eta Ilargia lerrokatzen direnean gertatzen da, sateliteak eguzki argia erabat blokeatzen duenean.

Fenomenoa bi minutu eta erdi izango da ikusgai, lekuaren arabera.

14:32an hasiko da Markesa uharteetan (Frantzia) eta 17:54an amaituko da Ozeano Atlantikoan, Namibiako kostaldearen parean. 202 minutu iraungo du (hiru ordu eta erdi baino zertxobait gutxiago).

Ozeano Barea mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du, Txilen Araucania eskualdetik eta Los Riosen iparraldetik sartuko da, Argentinako Neuquén eta Río Negro probintziak zeharkatuko ditu, eta, amaitzeko, Atlantikoa mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du. Eklipse osoaren momenturik gorena 16:13an izango da Sierra Coloradaren (Río Negro) ipar-ekialdean, eta gehienez ere bi minutu eta 10 segundo iraungo du; momentu horretan, itzalak 90 kilometro inguruko zabalera izango du.

Eklipsea partzialki Ozeano Barean, Antartikan, Hego Amerikan eta Atlantikoan ikusi ahalko da. Kasu honetan, 13:34an hasiko da (Denbora Unibertsala) Ozeano Barean, eta 18:53an amaituko da, Ozeano Atlantikoan, Santa Helena (Erresuma Batua) uhartearen hegoaldean.

Bideoak (1)