Koronabirusa
AstraZenecaren eta Errusiaren txertoak konbinatuko dituzte
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Konpainia britainiarrak garatutako txertoa Errusiako Sputnik V txertoarekin konbinatuko dute, elkarrekin eraginkortasun handiagoa duten aztertzeko.
AstraZeneca enpresa-farmazeutiko britainiarrak jakinarazi du Oxfordeko Unibertsitatearekin elkarlanean garatu duen txertoa Errusiako zientzialariak egindako Sputnik V txertoarekin konbinatuko dutela, elkarrekin eraginkortasun handiagoa duten egiaztatzeko.
Ostiral honetan argitaratutako agiri batean, AstraZenecak adierazi du "covid-19aren aurkako txerto ezberdinak bateratuta babes gehiago" lor litekeela.
"Garrantzitsua da konbinazio ezberdinak egitea immunizazio programak malguagoak izan daitezen, zientzialariek aukera gehiago izan dezaten txertoak administratzerakoan eta epe luzean immunitatea lortzeko", erantsi du.
AstraZenecak azpimarratu du covid-19aren pandemia gainditzeko "txerto bat baino gehiago" beharko direla, eta, ildo horretan, esan du Erresuma Batuan entsegu kliniko bat abiatuko dutela adenobirus txertoak mRNA teknologiako beste batzuekin konbinatzeko.
Horrez gain, txerto ezberdinen konbinazioa nola azter dezaketen baloratzen ari direla eta beste enpresa-farmazeutiko batzuekin eta mundu osoko hainbat gobernu eta erakunderekin elkarlanean ari direla jakinarazi du.
Horrela, bada, AstraZencak baieztatu du "laster" hasiko direla Gamaleya Research institutuarekin elkarlanean bi txertoak konbinatuta eraginkortasuna handitzen ote den egiaztatzeko.
Bestalde, bi txertoak konbinatzeko eta elkarlanean aritzeko proposamena Sputnik V txertoa garatu zuten zientzialari errusiarrek egin zuten joan den azaroan Twitter sare sozialean zabaldutako mezu baten bidez.
"AstraZenecak entsegu kliniko berri bat abiatzen badu, Sputnik V txertoaren bektore adenobiralarekin konbinatzeko aukera azter dezatela proposatzen dugu", idatzi zuten.