Elkarrizketa
Bengoak uste du datozen egunetan neurriak indartu beharko lituzketela Euskadin
EiTB.EUS
Horretarako, Osasun sailburu ohiak beharrezkotzat jo du tabernen barrualdea ixtea. "Antola dezagun familiako jai erraldoi bat 2021eko udarako", esan du.
Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan adierazi du ez datorrela bat Euskadin neurriak "arintzeko" gobernuak hartutako erabakiarekin. "Neurriak indartu behar dituzte", esan du: "Datozen egunetan are zorrotzagoak izan beharko lirateke".
Horretarako, beharrezkotzat jo du tabernen barrualdea ixtea: "Terrazak soilik egon beharko lirateke irekita, eta horietan debekatuta egon beharko litzateke erretzea". Edozein modutan, sailburu ohiak nabarmendu du urtarrilean kasuek gora egingo dutela berriro: "Inozokeria da kontrakoa pentsatzea".
Bengoaren esanetan, "neurrigabeko" Gabon festak ospatuz gero, hirugarren olatua ere iritsiko da Euskadira. "Osasun langileei ezin zaie eskatu edozeri aurre egin behar izatea eta ikusten dituzten heriotza guztiak jasan behar izatea.
Ildo horretan, berretsi du Gabonak ospatzeko "obsesioa" alde batera utzi beharko genukeela, eta familiako jai handiak datorren urterako gorde beharko genituzkeela. Bengoaren ustez, Alemania izan beharko genuke eredu, "udan bizi izan genuen ameskeriara itzuli beharrean".
Errege Egunean Europa osoan txertaketa hasiko delakoan dago Bengoa, eta 2021eko urrirako % 70eko immunitatea egon litekeela aurreikusi du. Hortaz, orduantxe bukatuko litzateke txertaketa kanpaina, Bengoaren iritziz.
"Errege Eguna igarota, Europan txertaketa hasiko dela jakinda, zergatik ez dugu osasunaren aldeko oreka gutxienez beste hilabetez luzatzen?", galdetu du, gehiegi arriskatzen ari garela iritzita: "Osasuna badago, ekonomia berreskuratzen saia gaitezke, baina ez alderantziz. Ezinezkoa da segurtasuna eta harremana bateragarri egitea".
"Jan ditzagun mahatsak abuztuan. Urtarrilean, listu bidezko testekin astean hiruzpalau alditan egin ahal izango ditugu probak", aurreratu du Bengoak. Hala, datorren urtera begira, itxaropentsu agertu da, "pandemia kontrolatzeko aukerak egongo direlako".