Koronabirus
Nafarroak % 40tik % 50era igo du kultur-instalazioen edukiera
agentziak | erredakzioa
Kultur-eragileek eta Osasun eta Kultur departamentuek adostutako neurria da, ostegunetik aurrera sartuko dena indarrean.
Nafarroako Osasun eta Kultur departamentuak eragile kulturalekin elkartu dira gaur ostegunetik aurrera sektorearentzat hartuko dituzten neurri berriak adosteko, tartean edukiera handitzea.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, museo, zine, antzoki eta antzeko kultur-instalazioen gehienezko edukiera % 40tik % 50era igoko dute, eta gehienezko pertsona kopurua 150etik 200era handituko dute leku itxietan. Aire librean egiten diren ekitaldien kasuan portzentajea bera da, baina gehienezko pertsona kopurua 300dik 400era igo dute.
Beranduenera jota 22:00etan amaitu beharko dira ekitaldiak (21:00etan museoen kasuan), eta erakusketetako bisita gidatuetan gehienez 12 pertsonak parte hartu ahal izango dute. Inola ere ezingo da jan edo edan kultur-instalazioetan.
Ezarritako gehienezko aforoak gainditu nahi dituzten ekitaldiek txosten teknikoa aurkeztu beharko dute Nafarroako Osaspun Publikoaren Institutuan, eta hori izango da oniritzia eman ahalko diona.
Era berean, berrikuntza gisa, inaugurazioak eta ekitaldi sozialak baimenduko dituzte, janari edo edari zerbitzurik gabe, % 50eko edukierarekin, eta aurrez ezarritako eserlekuekin. Ekitaldia zutik izanez gero, pertsona bakarra egongo da 3 metro koadroko.