Itxi

Koronabirusa

Europak abenduaren 21ean aztertuko du Pfizerren txertoaren azken baimena

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Sendagaien Europako Agentziak datorren astelehenera aurreratu du Pfizer eta BioNTech konpainiek covid-19ari aurre egiteko garatu duten txertoari oniritzia ematkeo ezohiko bilera.

Pfizerrek eta BioNtechek garatutako txertoa. EFEko artxiboko irudia.

Sendagaien Europako Agentziak (EMA) astearte honetan baieztatu duenez, litekeena da abenduaren 21ean amaitzea Pfizer eta BioNTech enpresek garatutako covid-19ari aurre egiteko txertoaren ebaluazioa, egun horretan giza sendagaien batzordeak (CHMP) antolatutako ezohiko bilera batean.

Agentziak baieztatu duenez, atzo arratsaldean jaso zituen CHMPk txertoa garatu duten konapiniei eskatutako datu gehigarriak, eta, "kalitateari, segurtasunari eta eraginkortasunari buruzko datuak behar bezain sendoak eta osoak badira", datorren astelehenean txertoa babestuko duela iragarri du.

Txertoari oniritzia emateko ezohiko bilera abenduaren 29rako zegoen aurreikusita, baina enpresa-farmazeutikoari eskatutako informazio gehigarria atzo jaso zutenez, batzarra aurreratzea erabaki dute. Edonola ere, 29rako deitutako bilerarako deialdiari eutsiko diote, badaezpada.  

Gaur goizean Alemaniako Bild egunkariak zabaldu du txertoa datorren astelehenean onartu dezaketela, eta Jens Spahn Alemaniako Osasun ministroak ere baimena lehenbailehen emateko deia egin du.

Informazio eta adierazpen horien ondotik iritsi da Sendagaien Europako Agentziaren oharra, txertoa ebaluatzeko azken batzarra abenduaren 23an egingo dutela iragarriz. Hori bai, berretsi egin dute txertoa "kalitatezkoa, segurua eta eraginkorra" bermatu behar dute lehendabizi.  

Hala dela egiaztatzeko, informazio osagarria behar zuten eta datu horiek atzo jaso zituzten enpresa-farmazeutikoaren eskutik. Ezustekorik ezean, agentziak datorren astelehenean emango dio bere oniritzia Pfizer eta BioNTech konpainiek egindako txertoari, eta ondoren Europako Batzordearen ardura izango da txertoa merkaturatzeko baimena ematea.

Baimen hori egun gutxitan emango dutela agindu du Bruselak eta, beraz, urtarrila hasieran hasiko litzateke txertoaren banaketa Europar Batasuneko herrialdeetan.  

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Albisteak (4)