Koronabirusa
Nafarroan herritarren % 14,3 kutsatu dira covid-19arekin; eta EAEn, % 8,3
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Seroprebalentziari buruzko azken ikerketaren arabera, Araban herritarren % 12k garatu dituzte antigorputzak, Bizkaian % 8,4k eta Gipuzkoan % 6,4k.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Koronabirusarekin kutsatu diren pertsona kopurua % 14,3koa da Nafarroan eta % 8,2koa Euskal Autonomia Erkidegoan, Ene-covid seroprebalentziari buruzko laugarren ikerketaren arabera.
Test azkarren bidez atzemandako IgG antigorputzak garatu dituzten pertsonen zenbatekoa % 12koa da Araban, % 8,4koa Bizkaian eta % 6,4koa Gipuzkoan.
Hala dio Espainiako Osasun Ministerioak eta Carlos III Osasun Institutuak elkarlanean egindako azken ikerketak. Txostenaren xehetasunak, baina, datozen asteetan argitaratuko dituztela zehaztu dute.
Estatuari dagokionez, espainiarren % 9,9 gaixotu dira koronabirusarekin eta IgG antigorputzak garatu dituzte, 4,7 milioi pertsona, guztira.
Hirugarren ikerketaren arabera, uztailean herritarren % 5,2k garatu zituzten antigorputzak, hau da, bi milioi pertsona inguruk. Beraz, azken datuak kontuan hartuta, uztaila eta azaroa bitartean lehen olatuan beste lagun kutsatu dira koronabirusarekin Espainian.
Raquell Yotti Carlos III Institutuko zuzendariak azaldu duenez, gizonezkoen eta emakumezkoen artean ez dute ezberdintasunik antzeman. 10 urtetik beherako umeen kasuan, koronabirusarekin kutsatu diren zenbatekoa baxuagoa dela egiaztatu dute, eta gainerako adin tarteetan datuak antzekoak dira.
Horrez gain, azpimarratu du egun kasu positiboen % 60 inguru detektatzen direla eta lehen olatuan % 10 baino ez zirela. “Orain diagnostikorako teknika gehiago erabiltzen ditugulako gertatu da hori”, erantsi du.
Yottik ohartarazi du gaur publikatutakoak behin-behineko datuak baina ez direla eta beste hainbat faktore –erresidentzietako datuak, adibidez- kontuan hartuta osatu behar dutela ikerketa.
Antigorputzen galera
Bestalde, seroprebalentzia ikerketak agerian utzi du aurreko olatuan kutsatu ziren lagunen % 2,8ri IgG antigorputzak gutxitu edo desagertu egin zaizkiela. Beraz, pertsona horiek ez dira kontuan hartu, test azkarren bidez detekta ezinak direlako.
"Test azkarrak estatistikak egiteko erabili daitezke, hau da, momenturen batean infekzioa izan duzun jakiteko balio dezakete, baina ez birusa aktibo dagoen ala ez ziurtatzeko", zehaztu du.