KORONABIRUSA
Txertaketa abenduaren 27an hasiko da EAEn adineko pertsonekin
I. G. | EITB MEDIA
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez, txerto hori Pfizer eta BioNTech laborategiek egindakoa da.
Osasun Sailak iragarri duenez, abenduaren 27an hasiko da EAEn koronabirusaren aurkako txertaketa kanpaina, eta adinekoen kolektiboarekin abiatuko da.
Hala iragarri du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Euskadiko Babes Zibileko Planaren batzorde aholku-emailearen bileraren ostean. Hartan, Gabonetarako murrizketa berriak ezarri dira.
"Abenduaren 27an eskuragarri izango ditugu lehen dosiak", adierazi du sailburuak, eta txerto hori Pfizer eta BioNTech laborategiek egindakoa dela zehaztu du.
Une horretatik aurrera, Osasun Sailak txertaketarako egutegi bat diseinatuko du.
Ez du zehaztu nahi izan zenbat dosi izango dituzten eskuragarri egun horretarako, Eusko Jaurlaritzara iristen diren informazioak "eguneratzen ari direlako", baina "segurtasun osoz" emango dituztela eta Osakidetzako osasun-langileak prest daudela horretarako bermatu du, Europan txertoa jartzeko baimena astelehen honetan bertan eman bazuten ere.