Koronabirusa
Positibotasun tasa % 5,6ra jaitsi da Nafarroan, 72 covid-19 kasu gehiagorekin
Agentziak | EITB MEDIA
Osasun Departamentuak azaldu duenez, 1.275 proba egin dituzte, beraz, positibotasun tasa aurreko egunean baino baxuagoa da. Nafarroan 956 pertsona hil dira covid-19aren eraginez.
Azken orduetan 72 covid-19 kasu gehiago zenbatu dituzte Nafarroan, Foru Gobernuak igande honetan emandako datuen arabera. Aurreko egunean, berriz, 83 koronabirus kasu atzeman zituzten.
Osasun Departamentuak azaldu duenez, 1.275 PCR eta antigeno proba egin dituzte guztira, eta horien % 5,6k eman du positibo. Beraz, positibotasun tasa aurreko egunean baino baxuagoa izan da (% 7,1ekoa izan zen larunbatean).
Foru Erkidegoan 57 kasu atzeman zituzten astelehenean, 79 asteartean, 124 asteazkenean, 104 ostegunean eta 83 ostiralean. Nafarroan 956 pertsona hil dira covid-19aren eraginez pandemiaren hasieratik.
Bestalde, covid-19aren positibotasun tasak % 5etik gora jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hirugarren egunez jarraian; izan ere, larunbat honetan % 5,3an kokatu da kutsatze tasa hori, aurreko eguneko datuekin alderatuta behera egin duen arren (atzo % 6,2an kokatu zen positibotasun tasa).
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakitera eman duenez, 4.281 proba diagnostiko egin zituzten larunbatean, aurreko egunean baino 600 gehiago, eta 226 pertsonak eman zuten positibo; ostiralean, berriz, 228 izan ziren.