Itxi

KORONABIRUSA

Positiboek gora egin dute Nafarroan, baina positibotasun tasa % 5,7ra jaitsi da

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Astelehen honetan atzemandako ehun kasuk azken egunetako beheranzko joera aldatzea suposatzen dute. Gainera, bi hildako izan ziren.

Adinekoen egoitza Iruñean. Argazkia: EFE.

Nafarroan igoera handia izan da azken orduetan, astelehen honetan 102 covid-19 kasu berri erregistratu baitituzte; aurreko egunean, berriz, 60 kasu zenbatu zituzten, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera.

Astelehen honetan atzemandako ehun kasuk azken egunetako beheranzko joera aldatzea suposatzen dute; izan ere, ostiralean 82 positibo eman ziren, larunbatean 72 eta igandean 60.

Hala ere, positibotasun tasa atzo egindako 1.792 proben % 5,7ra jaitsi da, eta igandean % 6,5ekoa izan zen, 921 proba egin ostean.

Atzo sei pertsona ospitaleratu zituzten Foru Erkidegoan gaixotasun horrekin lotuta, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean. Atzo, bi pertsona hil ziren: 83 urteko gizon bat eta 56 urteko emakume bat. Nafarroan 960 pertsona hil dira jada covid-19aren ondorioz.

Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 69 erregistratu dituzte, Tuteran % 13 eta Lizarran % 4. Gainerako positiboak (% 14) Nafarroako beste zonalde batzuetan izan dira.

Gehien kaltetutako udalerriei edo eremuei dagokienez, kaltetuenen zerrendako lehen postuan II. Zabalgunea dago, hamar kasu zenbatu baitituzte. Iruñea eta Eskualdea dago atzetik, Arrosadia auzoan zazpi kasu izan baitituzte, sei Barañainen, bost Arrotxapean eta beste bost Txantrean.

Adin-tartearen arabera, talde handiena 45 eta 59 urte artekoa da (% 27), eta ondoren, 15 eta 29 urte artekoa (% 20). Ondoren, 30 eta 44 urte bitarteko taldeak (% 16) eta 75 urtetik gorakoak (% 15). Azkenik, 60 eta 75 urte bitartekoen taldea (% 12) eta 15 urtetik beherakoen taldea (% 10) daude.

Positibo berrien batez besteko adina 45,9 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 59 emakumeak dira eta beste % 41 gizonak.

Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakitera eman duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 139 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino hamar gehiago); horietatik 19 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzo baino bat gehiago) eta beste 27 etxeko ospitaleratzean (atzo baino lau gehiago). Gainerakoak, 93 gaixo, gela arruntetan daude (atzo baino bost gehiago).

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 42.157 kasu dira Nafarroan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Albisteak (2)