Itxi

Migrazioa

'Open Arms'ek beste 96 migratzaile erreskatatu ditu eta 265 daramatza ontzian

I. G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

96 migratzaile horiek abenduaren 31n abiatu ziren Libiako Zuwarah hiritik, eta bi egun eman dituzte itsasoan, "janaririk eta urik gabe".

'Open Arms' itsasontzia. Artxiboko irudia: EFE

'Open Arms' itsasontziak 96 pertsona erreskatatu ditu larunbat honetan, horien artean bi emakume eta 17 adingabe, Mediterraneoan noraezean zihoan txalupa batean nabigatzen ari zirela. Horiek abenduaren 31n salbatutako beste 169 migratzaileei gehitu zaizkie.

Itsasontziak 265 pertsona daramatza, eta Europako herrialderen batek lehorreratzeko portu bat baimentzeko zain daude, "hotz eta eguraldi txarrarekin", erakundeak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

"Open Arms ontziak beste txalupa bat aurkitu du nazioarteko uretan noraezean, 97 bat lagun zeramatzala, salbamendu-txalekorik gabe, eta erreskate-operazioa hasi da", idatzi du Oscar Camps gobernuz kanpoko erakundearen sortzaileak sare sozialetan, baina geroago erakundeak 96 direla zehaztu du.

96 migratzaile horiek abenduaren 31n abiatu ziren Libiako Zuwarah hiritik, eta bi egun eman dituzte itsasoan, "janaririk eta urik gabe". Hori dela eta, askok "desnutrizio eta hipotermia zantzuak dituzte" eta erakunde katalaneko osasun langileen laguntza jasotzen ari dira.

Abenduaren 31n, 'Open Arms'ek beste 169 migratzaile salbatu zituen, gehienak eritrearrak. Horien artean, gutxienez 12 emakume, sei haur eta bakarrik doazen beste 40 adingabe daude.

169 pertsona horiek Europara iristen saiatzen ari ziren egurrezko itsasontzia Libiako Sabratha hiritik itsasoratu zen, Tripolitik 60 bat kilometrora, abenduaren 30eko goizean.

Albisteak (1)