Itxi

Koronabirusa

LABIko teknikariek ez dute neurri berririk proposatu eta ostiralean bilduko dira

I. G. | EiTB Media

Leer en Castellano

Ez dute proposatu covid-19a ez hedatzeko neurri berririk. Horrela, datorren ostiralean, hilak 8, eta astelehenean, hilak 11, bilduko dira berriro.

LABI batzorde teknikoaren bilera. Artxiboko irudia: EFE

Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) batzorde teknikoak ez du proposatu covid-19a ez hedatzeko neurri berririk gaur egin duten bileran. Gauzak horrela, ez dute berriro bilera bat egingo ostiralera arte, hilaren 8ra arte, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.

Organo horrek datu epidemiologikoen bilakaeran oinarrituta jarraitu beharreko neurriak proposatzen ditu, eta, ondoren, Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen LABIren aholku batzordeak horien gainean erabakitzen du aldian-aldian.

Era horretan, teknikariak Euskal Autonomia Erkidegoko pandemiaren azken egunetako bilakaera aztertzeko bildu dira, Gabon-gau, Eguberri, Urtezahar eta Urteberri egun nagusiak amaitu ostean.

Astelehen honetan, EAEn egindako koronabirus proben positibotasun tasa ia puntu bat jaitsi da azken 24 orduetan; izan ere, igandean % 6,8ra jaitsi zen, eta, egun horretan ere, atzemandako kutsatze berriak murriztu egin ziren, 362 positiborekin.

Bilera horretan, mahai teknikoak egoera epidemiologikoaren azterketa egin du, baina ez du neurri berririk ezartzea proposatu. Horrela, datorren ostiralean, hilak 8, eta astelehenean, hilak 11, bilduko dira berriro.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Albisteak (4)