KORONABIRUSA
Euskadik 480 kutsatze atzeman ditu azken orduetan eta positiboen tasa % 7,1era igo da
N. B. | EITB MEDIA
Azken orduetan 43 pertsona ospitaleratu dituzte. Gainera, intzidentzia-tasa metatua eta oinarrizko ugalketa zenbakia igo dira, 247,21 eta 1,15eraino, hurrenez hurren.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskadin 480 pertsona kutsatu dira azken orduetan covid-19arekin, eta eta positibotasun tasa % 7tik gorakoa izan da, % 7,1ekoa hain zuzen.
Osasun Sailaren buletin epidemiologikoaren arabera, astelehenean aurreko egunean baino 118 positibo gehiago atzeman zituzten, eta proba diagnostikoei dagokienez, positiboen tasa % 6,8tik % 7,1era igo da. Guztira 6.781 proba egin zituzten, aurreko egunean baino ia 1.500 gehiago.
Kasu berri gehienak Bizkaian izan ziren, 228 (bezperan baino 40 gehiago), Gipuzkoan 169 (37 gehiago) eta Araban 82 (43 gehiago). Gainera, Euskaditik kanpo bizi den pertsona batek positibo eman zuen proban (bi gutxiago).
Kasu berrien gorakadak, era berean, intzidentzia-tasa metatua handitzea eragin du, igandeko 14 egunetan 100.000 biztanleko 239,3 kasu izatetik asteleheneko 247,2 kasu izatera igaro baita. Azken orduetako adierazle altuena duen lurraldea Araba da (280,7 kasu), ondoren Gipuzkoa (266,3) eta Bizkaia (219,7).
Oinarrizko ugalketa-kopuruaren (R0) bilakaerak, kutsatu batek zenbat pertsona infektatu ditzakeen adierazten duenak, okerrera egin du eta 1,13tik 1,15era igo da.
Guztira, 352 pertsona daude ospitaleratuta EAEn, aurreko eguneko antzeko kopurua, orduan pertsona bat gehiago baitzebilen ospitaleratuta.
43 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan, aurreko egunean baino zortzi gehiago, eta gaixotasun hori duten 75 pertsona (hiru gutxiago) daude zainketa intentsiboetako unitateetan. 277 pertsona (bi gehiago) ospitaleetako gela arruntetan daude.
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
Positibo berri gehien eman diren adin-tarteak 40 eta 64 urte bitartekoak (175 kasu berri) eta 19 eta 39 urte bitartekoak (149 positibo) izan dira.
Zahar-egoitzen egoera
Gasteizko Ascarza egoitzak covid-19aren hiru kasu berri erregistratu ditu erabiltzaileen artean, baina azken orduetan zentro horretako bi egoiliar gaixotasuna gainditu dute.
Arabako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, azken egunetan, Alto Prado Caser egoitza pribatua (guztira 19 erabiltzaile sendatu dira) koronabirusetik libre geratu da.
Ascarza egoitzako bi erabiltzailek ere gainditu dute gaixotasuna, baina zentro horretan hiru positibo berri atzeman dituzte.
Une honetan, Arabako egoitza-zentroetan bizi diren 2.600 pertsonetatik 12 pertsona nagusik dute covid-19a. Birusak Araban dauden 90 egoitzetako biri eragiten die gaur egun.
Bestalde, Gipuzkoan bi pertsona hil dira azken orduetan: Donostiako Hermano Garate egoitzan bat, eta Oñatiko San Martin zentroan bestea. Guztira 141 dira bigarren olatuan, abuztuaren 11z geroztik, covid-19ak jota lurralde horretako zahar-egoitzetan hil diren pertsonak.
Gaurkoan, baina, Aldundiak eta DYA Gipuzkoak egindako PCR probetan ez dute kasu berririk atzeman.
Beraz, 84 positibo daude gaur-gaurkoz Gipuzkoako zaharren egoitzetan.
BIDEOA: Azken astean 17 pertsona hil dira adinekoen egoitzetan
Espainiak 23.700 covid-19 kasu berri erregistratu ditu
Erkidegoek 23.700 kutsatze jakinarazi dituzte, horietatik 10.877 azken 24 orduetan diagnostikatu dituztelarik, eta koronabirusak kutsatutako pertsonen kopurua 1.982.544 pertsonara igo da.
Halaber, astearte honetan Espainian azken 14 egunetan kutsatutakoen batez besteko intzidentziak gora egin du astelehenarekin alderatuta, 100.000 biztanleko 296,29 kasu izan baitira.
Hildakoei dagokienez, Salvador Illak zuzentzen duen sailak 352 gehiago jakinarazi ditu, horietatik 550 azken astean. Ondorioz, 51.430 pertsona hil dira koronabirusak jota Espainian.