Koronabirusa
Osakidetzak baheketak egingo ditu Bermeon eta Zaldibarren ostiral honetatik aurrera
L.Z. | EiTB MEDIA
Ostirala eta igandea bitartean egingo dituzte PCR probak Zaldibarren. Bermeon ere, egun berean hasiko dute baheketa, baina hilaren 12an bukatuko dute.
Osakidetzak PCR probak egitera deitu ditu bihartik aurrera Bermeoko eta Zaldibarko (Bizkaia) sei urtetik gorako bizilagun guztiak, covid-19 kasuak atzemate aldera.
Ohar batean iragarri duenez, Zaldibarren ostiralean bertan hasiko dute baheketa, 16:00etatik aurrera, eta, aurreikusitakoaren arabera, datorren igandean bukatuko dute. PCR proba egiteko, txanda eskatu beharko dute herritarrek Zaldibarko kontsultategira (94 682 70 01) edo Osakidetzako Osasun Aholkura deituta (900 203 050).
Proba guztiak herriko liburutegian egingo dituzte (Euskal Herria Etorbidea, 5), 08:30etik 21:30era (larunbat eta igandean).
Bermeon, baita, ostiralean abiatuko dute baheketa, 16:00etan, baina urtarrilaren 12an amaituko da.
Artza frontoian egingo dituzte proba guztiak, 08:30etik 21:30era.
Kasu horretan ere, txanda eskatu beharko dute herritarrek Bermeoko osasun zentrora (94 602 90 50) edo Osakidetzako Osasun Aholkura (900 203 050) deituta.
Bestalde, Bermeoko Udalak iragarri du haurrentzako parkeak, kiroldegia, Kultur Etxea eta Musika Eskola itxi egingo dituela, koronabirusa gehiago zabaltzea ekiditeko.
"Egoera hobetu ahala, berriro jarriko ditugu zerbitzu horiek guztiak martxan", adierazi du Aritz Abaroa alkateak.