KORONABIRUSA
Pfizer etxearen txerto gehiago iritsi dira Forondara
O.A. | EITB MEDIA
Aste honetan Hego Euskal Herrian banatuko diren txertoez gain, Madrilen emango direnak ere iritsi dira. Barajasen lur hartu behar zuen hegazkinak Forondan lur hartu du Filomena ekaitzaren ondorioz.
Goizeko lehen orduan, 05:12an, iritsi dira Forondako aireportura Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan banatzeko Pfizer botika etxeko txertoaren dosiak. Astero legez, Belgikako lantegitik Forondako aireportura heldu dira, ondoren, EAE, Nafarroa, Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leon eta Aragoi autonomia erkidegoetan banatzeko.
Asteon, ordea, aurreko asteetan baino txerto gehiago jaso ditu Forondak; izan ere, Madrilgo Erkidegoan banatu beharrekoak ere bertara bideratu dituzte, Filomena ekaitzaren ondorioz Barajasko aireportuan oraindik ez dutelako normaltasuna berreskuratu.
Gasteiztik errepidez eramango dituzte txertoak Madrilera.
Atzo, Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministroak eta Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak Filomena ekaitzak eragindako ondorioen berri emateko eskaini zuten prentsaurrekoan nabarmendu zutenez, "txertoaren hornidura bermaturik dago".
Guztira, Espainiako Estatuak Pfizer konpainiaren txertoaren 350.000 dosi jaso ditu astelehen honetan.
Eusko Jaurlaritzak atzo azpimarratu zuenez, EAEk txertoen erreserba estrategiko bat gordetzea erabaki zuen, eta, horri esker, "aste honetarako txertoak bermatuta daude".