IKERKETA
Ertzaintza gorpuzki gehiagoren bila ari da Getxoko itsasertzean
O.A. | EITB MEDIA
Ertzaintzak kriminalitate zantzuak atzeman ditu igandean eta astelehenean Arrigunaga hondartzan aurkitutako gorpuzkietan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ertzaintza Arrigunaga hondartzaren inguruak eta Getxoko itsasertza miatzen ari da, giza gorpuzki gehiagoren bila. Izan ere, kriminalitate zantzuak atzeman ditu igandean eta astelehenean Arrigunaga hondartzan aurkitutako gorpuzkietan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Europa Press albiste-agentziari jakinarazi dionez, Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du azken egunetan agertutako gorputz zatiak norenak diren eta heriotzaren nondik norakoak argitzeko.
Igandean Arrigunaga hondartza inguruan zebilen pertsona batek Ertzaintzari deitu zion, orkatilaren eta belaunaren arteko hanka zati bat topatu zuela esanez. Gorpuzkiak Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman zituzten, azter zitzaten. Atzo, ostera, gorpuzki gehiago aurkitu zituzten edukiontzi batean.
Ertzaintzak ondorioztatu duenez, baliteke gizonezko batenak izatea Arrigunaga hondartzan aurkitutako gorpuzkiak. Polizia zientifikoa gorpuzki horien DNA lagin bat desagertu diren pertsonen datu basearekin alderatzen ari da.