KORONABIRUSA
Liaño: "Egoitza-agerraldiak txostenerako balioko balu, Muskiz gune gorrian legoke"
EITB MEDIA
Borja Liaño Muskizko alkatea "kezkatuta eta aztoratuta" agertu da herriko zaharren egoitza batean positiboek gora egin dutelako: "Astebetean bi positibo izatetik 108 izatera igaro da".
Muskizko Marcelo Gangoiti egoitzako erabiltzaile ia guztiak kutsatuta daude: 122 egoiliarren 93, hain zuzen. Horiez gain, 20 langilek ere eman dute positibo.
Borja Liaño Muskizko alkateak jakitera eman duenez, aste honen amaieran eta hurrengoan zuten aurreikusita egoiliarrek txertoa hartzea, baina orain ez dakite albiste horrek txertaketari nola eragingo dion.
Enpresak eta Udalak "ez dakigu zergatik gertatu den; izan ere, barne egoitza bat da eta egoiliarrak ez dira kanpora ateratzen".
Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" saioan azaldu duenez, baheketa bat egin zuten "urtarrilaren 5ean eta bi positibo atzeman zituzten". Astebete geroago, baina, koronabirusa atzemateko probak egin eta 108 positibo atzeman dituzte. Horren esanetan, "ezusteko larria izan da", baina positibo guztiak "sintomarik gabekoak dira eta ondo daude".
Muskiz gune horian dago gaur egun, baina "bizitegi-agerraldiak txosten epidemiologikoetarako balioko balu, gune gorrira igaroko ginateke". Neurriak handitzeko aukerari buruz galdetuta, Muskizko alkateak esan du "agerraldia egoitza-agerraldi gisa" hartu duela Osakidetzak, eta ez dutela uste "udal mailan fokurik egon daitekeenik", baina ez du ezkutatu "horrek herriko eguneroko bizitzan izan dezakeen eraginari buruzko kezka".
"Kezkaz" gain, "nahasmena" ere badagoela esan du, "arraroa ematen baitu". Alkateak eskaria egin dio Osakidetzari, "10-15 pertsonari PCR probak berriro egiteko, positibo faltsuak dauden ikusteko".
Oraingoz, "baheketa masiboa egiteko baldintzak ez dira betetzen", baina, beharrezkoa bada, "Jaurlaritzak egingo du".