Itxi

Koronabirusa

Muskizko egoitzan izandako agerraldiaren jatorria ikertzen ari dira

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Egoiliarren % 90 kutsatu dira koronabirusarekin Marcelo Gangoiti egoitzan. Bizkaiko Foru Aldundiak onartu duenez, "zerbaitek huts egin du", baina ardura langileena izan daitekeela iradoki du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Muskizko Marcelo Gangoiti egoitzan 93 adineko kutsatu dira koronabirusarekin, eta hamarrek soilik eman dute negatibo, Bizkaiko Foru Aldundiak astelehenean jakinarazi duenez.

Zentro horretan, 103 erabiltzaile eta 93 behargin daude. Guztiei egin dizkiete PCR probak, eta emaitza harrigarria izan da: 90 adineko eta 20 langile daude kutsatuta.

Gaur goizean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du Osakidetza lanean ari dela aztarnarien bidez agerraldi horren jatorriaren bila, eta kasu guztiak kontrolpean daudela eta ez dutela inor ospitaleratu behar izan azpimarratu du.

Ardura langileena dela iradoki du Aldundiak

Bestalde, Sergio Murillo Bizkaiko Gizarte Ekintza foru-diputatuak onartu du "akatsen bat" egon dela, baina Muskizko egoitzan kutsatzeak saihesteko "prebentzio neurri guztiak" hartu direla gaineratu du.  

Urtarrilaren 10ean egindako baheketaren emaitzak "ezustean" harrapatu dituela onartu du.

"Badakigu errazagoa dela erresidentzia batean kutsatzeak izatea, birusa oso azkar zabal daitekeelako horrelako ekosistema batean, eta horixe gertatu da Muskizen", esan du.

Zerk huts egin duen galdetuta, Murillok adierazi du pertsona bat kutsatzen den bakoitzean "zerbait oker egin izanaren erakusle" dela.

Ildo horretan, erresidentzietan segurtasun-neurri guztiak zorrotz betetzea zaila dela esan du; izan ere, lehentasuna adineko pertsonei zaintza zerbitzu egokia ematea da, eta horretarako zenbait arau urratu behar direla azpimarratu du.  

Horrez gain, Murillok jakinarazi du datorren ostegunean jarri behar zietela txertoa egoitza horretako erabiltzaileei, baina positibo eman dutenez dena bertan behera utzi behar izan dutela gaineratu du. Horren esanetan, PCR proban negatibo ematen dutenean ekingo diote berriro txertaketa kanpainari.

ELAk Aldundia kritikatu du ardura langileei leporatzeagatik

Bestalde, ELA sindikatuak onartezintzat jo ditu Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatuaren adierazpenak "langileak jomugan" jartzen dituelako eta Aldundiak "pandemiaren kudeaketan duen ardurari uko egiten diolako".

"Adierazpen horiekin agerian geratzen da administrazio publikoak ez duela zaintza zerbitzuan dauden beharrizanei benetako konponbidea emateko asmorik", kritikatu du.

Ildo horretan, ELAk egoitza horretako langileen baldintzak salatu ditu: "Lanaldi bikoitzak egiten ari dira martxotik; beldurrarekin doaz lanera, kasu askotan babeserako ekiporik ez dutelako; eta, gainera, karga emozional handia jasaten dute erresidentzietan bizi den egoeragatik".   

Beste agerraldi bat Nafarroako zahar-etxe batean

Bestalde, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du 17 positibo atzeman dituztela Erroko Ibañeta egoitzan. 16 erresidentzian egongo dira bakartuta eta adineko bat koronabirus kasuak artatzeko prestatutako zentro batera eramango dute. Zahar-etxe horretan 55 egoiliar daude guztira.

Covid-19ari aurre egiteko txertoaren lehen dosia urtarrilaren 5ean eman zieten horiei.

Horrez gain, Arabako Foru Aldundiak baieztatu du lurralde horretako erresidentzietan 36 pertsona hil direla koronabirusak jota udaz geroztik.

Horren ondorioz hildako azken adinekoa Gasteizko Ascarza egoitza pribatuan hil dela zehaztu dute. Egun, hiru zentrotako zazpi erabiltzaile daude kutsatuta.

Bestalde, Gipuzkoako erresidentzietan positibo bat detektatu dute azken orduetan. Foru Aldundiak azaldu duenez, Gurutze Gorriak Irunen duen zentroan atzeman dute. Egun, Gipuzkoako egoitzetako 54 adinekok dute koronabirusa.

Bigarren olatuan, 143 adineko hil dira eta 585 sendatu dira Gipuzkoan. 

Albisteak (2)

Bideoak (1)