Itxi

KORONABIRUSA

Nafarroak ordubete aurreratu du ostalaritzaren itxiera eta ezingo da terrazetan erre

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Kutsatzeen gorakada gelditzeko neurri murriztaile berriak gauerdian sartu dira indarrean, bi astez.

Ostalaritzak 21:00etan itxi beharko ditu ateak Nafarroan. Artxiboko argazkia: EFE

Koronabirusaren pandemiari aurre egiteko eta kutsatzeak gelditzeko neurri murriztaile berriak gauerdian sartu dira indarrean Nafarroan, bi asterako.

Nafarroako Gobernuak ordubete aurreratu du ostalaritza ixteko ordua, 22:00etatik 21:00etara, eta terrazetan erretzea debekatu du.

Kalean erretzea ere mugatuta egongo da. Erretzaileek geldirik egon beharko dute, betiere, bi metroko gutxieneko tartea errespetatuta.

Halaber, edukiera % 30era murriztu du azalera handiko edo ertaineko merkataritza-guneetan.

Bestalde, langileen sarrera-irteerak malgutzeko gomendioa eman die Nafarroako Gobernuak enpresei eta administrazio publikoei, garraio publikoan puntako orduetan sortzen diren pilaketak ekiditeko.

Gainera, lurraldearen itxiera perimetrala eta etxeratze agindua (23:00etatik 06:00etara) bere horretan utzi ditu, eta gehienez ere bi bizikidetza unitateko sei pertsona elkartu ahalko dira. Dena den, ahal bada, bizikidetza unitate bakarrekoak elkartzea gomendatu du.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko bozeramaileak asteazkenean azaldu duenez, "datozen asteak erabakigarriak izango dira". Hori dela eta, prebentzio-neurriak errespetatzeko deia egin du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.