Itxi

Koronabirusa

Modernaren lehendabiziko txertoak iritsi dira EAE eta Nafarroara

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Guztira 1.400 dosi jaso ditu Euskal Autonomia Erkidegoak asteazken honetan, eta 500 dosi heldu dira Nafarroara.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskal Autonomia Erkidegoak asteazken honetan jaso ditu Moderna konpainiak covid-19ari aurre egiteko garatu duen txertoaren lehen 1.400 dosiak. Gurutzetako Ospitalean gorde dituzte. Guztira, 24.900 dosi iritsiko dira datozen asteetan EAEra.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Legebiltzarrean egindako agerraldian eman du txertoaren ezaugarrien berri. 65 urtetik beherako pertsonentzat eraginkorragoa denez, Osakidetzako langileei jartzeko erabiliko dute Ameriketako Estatu Batuetan egindako txertoa.  

Pfizer konpainiaren txertoarekin alderatuta, Modernarena gordetzeko ez dira tenperatura hain baxuak behar, baina garraiatzeko orduan kontu handiagoarekin ibili behar da. Hortaz, txertoak Osakidetzaren zentroetan gordetzea erabaki dute, garraioa saihesteko eta kontserbazio arazorik ez egoteko.

Txertaketa-kanpaina

Pfizerren txertoarekin gertatzen den moduan, bi dosi eman behar dira immunitatea lortzeko, baina lehendabiziko dosia eman eta 28 egunera jarri behar dute bigarrena.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak estrategia bera erabiliko du eta txertoaren hainbat dosi gorde egingo dituzte bigarren dosia bermatuta izateko balizko edozein arazoren aurrean.  

Europar Batasunak Moderna enpresa farmazeutikoarekin egindako akordioaren arabera eta Espainiako Gobernuak jasoko duen txertoen kopurua aintzat hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoari 24.900 dosi dagozkio. Sagarduik azaldu duenez, txertoak bi astean behin bidaliko dituzte.

Horrez gain, txertaketa prozesua "ahalik eta azkarren" abiatuko dutela esan du, datarik zehaztu gabe, eta lehentasun irizpideak Osakidetzak berak ezarriko dituela erantsi du.

Modernaren txertoaren 500 dosi jaso ditu Nafarroak

Nafarroako osasun-sistema publikoak Modernak covid-19ari aurre egiteko garatutako txertoaren 500 dosi jaso ditu gaur. Osasun langileentzat izango dira asteazken honetan heldutako dosi guztiak.

Santos Indurain Osasun kontseilariak esan duenez, behin txertoak jasota komeni da alde batetik bestera gehiegi ez mugitzea.

Oraingo honetan, Iruñeko edota hiriburutik gertu dauden osasun zentroetako langileei jarriko dizkiete txerto horiek, babes neurri gisa.

Albisteak (2)

Bideoak (1)