Itxi

Koronabirusa

18:00etara aurreratu dute etxeratze agindua Ipar Euskal Herrian

L.Z. | EiTB MEDIA

Leer en Castellano

Orain arte 25 departamendutan soilik zegoen indarrean 18:00etan etxeratzeko agindua, baina larunbatetik aurrera Frantziako Estatu osora zabalduko dute, eta gutxienez bi astez iraungo du neurri horrek.

Jendea Baionatik paseoan. ETBren bideo batetik hartutako irudia

Jean Castex Frantziako lehen ministroak ostegun honetan iragarri du Estatu osoan etxeratze agindua zorroztea erabaki dutela. Horrela, 20:00etarako beharrean, 18:00etarako etxeratu beharko dira herritarrak, egoera epidemiologikoari aurre egiteko hartutako neurriei men. Ipar Euskal Herrian ere izango du eragina neurri horrek, eta, beraz, bi ordu aurreratuko dute han ere etxeratze agindua.

Orain arte 25 departamendutan soilik zegoen indarrean 18:00etan etxeratzeko agindua, baina larunbatetik aurrera Frantziako Estatu osora zabalduko dute, eta gutxienez bi astez iraungo du neurri horrek. Frantzian, 100.000 biztanleko 187,5 covid-19 kasu daude (azken zazpi egunetako datuak kontuan izanda).

Bestalde, Castexek aurreratu du Frantziara bidaiatzen duten Europar Batasunetik kanpoko herritar guztiek test negatibo bat aurkeztu beharko dutela hara abiatu orduko, eta behin iritsita, astebetez isolatuta egon beharko dutela, bigarren proba bat egin arte.

"Esku artean ditugun datuek erakusten dute Gabon festek ez dutela kutsatzeen gorakada ekarri", esan du Castetxek. Ildo horretan, zehaztu du Frantzian egoera "kontrolpean" dutela, baina "ahul" jarraitzen dutela.

Egunean 16.000 kasu berri atzematen dituzte. Castexen esanetan, kopuru altua da oraindik ere. "Horregatik, agerraldi britainiarra etetea da neurri hauen lehen helburua (egunean 200 bat kasu berri sortu ditu), eta intzidentzia baxuagoa duen Hegoafrikako agerraldia ere gelditu nahi dugu", erantsi du.

Halaber, asmoa da mugaz haraindiko joan-etorriak murriztea, agerraldi horien hedapena saiheste aldera.

Orain arte, 2,98 milioi covid-19 kasu atzeman dituzte Frantzian pandemia hasi zenetik, eta 69.031 pertsona hil dira covid-19ak jota.

Albisteak (2)