Itxi

KORONABIRUSA

Nafarroak 226 positibo berri atzeman ditu

E.G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bigarren egunez jarraian, 200 kasuren langa gainditu da. Tuteran eta Irunberrin 10na kutsatu atzeman dituzte.

Bi pertsona, maskara soinean, kalean. Artxiboko argazkia: EFE

Beste behin, gora egin du positibo berrien kopuruak Nafarroan. Ostegun honetan, 226 kasu atzeman dituzte, 2.861 proben artean (PCR eta antigenoak); horrek % 7,9ko positibotasun tasa utzi du, Foru Gobernuak jakitera eman duenez.

Bezperan baino 13 kasu gehiago dira, eta, horrela, bigarren egunez jarraian 200eko langa gainditu dute. Azaroaren hasieratik ez dute horrenbeste kutsatu zenbatu egun bakarrean.

Kasu berri horien artean, Irunberrin hamar daude. Ostiral honetan, Osasun Sailak, Udalarekin lankidetzan, covid-19a detektatzeko populazio-baheketa egingo du, azken egunetan Errege Gauaren inguruan izandako gizarte-bileren testuinguruan atzemandako intzidentzia handia dela eta.

Baheketa hori hartzen duen biztanleria-taldea 15 eta 29 urte bitarteko eta 50 eta 69 urte bitarteko 550 pertsonak osatzen dute, gutxi gorabehera.

Kasu gehien pilatu dituzten udalerri edo auzoei dagokienez, Tuteran eta Irunberrin 10na zenbatu dituzte. Bestalde, Barañainen eta Iruñeko bost auzotan (Azpilagana, Ermitagana, Mendillorri, Txantrea eta Donibane) zortzina kasu atzeman dituzte.

Haur eta Lehen Hezkuntzako 186 ikasle konfinatuta

Nafarroako sare publiko eta itunpekoetako Haur eta Lehen Hezkuntzako 186 ikasle konfinatu dituzte azken orduetan. Konfinamendu berri hauekin, gaur egun 468 ikasle isolatuta daude euren etxeetan. Bi zikloetako ikasle guztien % 0,75 dira.

Gelaka, 25 talde egonkor daude 20 ikastetxetan, Haur eta Lehen Hezkuntzako gela guztien % 0,72, Foru Gobernuak ohar batean azaldu duenez.

Zehazki, honako hauek izan dira azken 24 orduetan konfinatutako gelak: Berriozarko Mendialdea Ieko Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako 20 ikasle; Corella Hiriko Lehen Hezkuntzako seigarren mailako 20 ikasle; La Milagrosa de Lodosako Haur Hezkuntzako 5 urteko 19 ikasle eta Lehen Hezkuntzako bigarren mailako 25 ikasle; Iruritako 3 urteko haur hezkuntzako 8 ikasle; eta Cadreitako Teresa Bertran de Liseko Haur Hezkuntzako 5 urteko 13.

Era berean, Angel Martinez Baigorri de Lodosako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako 15 ikasle konfinatu dituzte; Tuterako Mariaren Konpainiako 3 urteko Haur Hezkuntzako 18 ikasle eta 5 urteko Haur Hezkuntzako 24 ikasle eta Tuterako Elvira Españako Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako 24 ikasle.

40.000 kasu berri, Espainian

Osasun Ministerioak emandako datuetan oinarrituta, 40.197 positibo berri atzeman dituzte Espainiako Estatuan azken 24 orduetan; 2.252.164 pandemia hasi zenetik. Hildako kopurua 53.314koa da martxotik; atzotik, ostera, 235ekoa. Metatutako intzidentzia 575,10 kasutan dago.

Ospitaletan geroz eta jende gehiago dago. Covid-19a duten pertsonak betetzen dute ospitaleen % 15,69, eta ZIUen % 29,56 (atzo baino puntu bat gehiago). Guztira, 19.657 pertsona daude covid-19ak jota (atzo baino 704 gehiago), eta ia 3.000 lagun zainketa intentsiboen unitateetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Albisteak (3)