Koronabirusa
Pfizer konpainiak txerto banaketa aldi baterako murriztuko du Europan
E. L. | EITB Media
Datorren astetik aurrera entregak murriztuko ditu, ekoizpen gaitasuna areagotzeko. Espainiak 62.230 dosi gutxiago jasoko lituzke astero, hau da, 287.770.
Datorren astetik aurrera txerto banaketa aldi baterako murriztuko du Pfizer konpainiak, ekoizpen gaitasuna areagotu eta 1.300 dosi produzitzetik 2.000 ekoiztera pasatzeko, Norvegiako Osasun Publikoko Institutuak (FHI) jakitera eman eta ondoren konpainiak berak baieztatu duenez.
“Erabakiak urtarrila bukaerako eta otsaila hasierako bidalketei eragingo die, baina otsaila bukaeran eta martxoan pazienteek dosi kopuru dezente handiagoa izango dute eskura”, zehaztu du konpainiak agiri batean.
Pfizerrek jakitera eman duenez, ekoizpena areagotzeko prozesuan zein instalazioetan aldaketak egin beharko dituzte, eta horiek aurrera eramateko “arauak onartu beharko dira”, baina ez du xehetasun gehiagorik eman.
Norvegiako erakundeak zehaztu duenez, “aldi baterako murrizketa honek Europako herrialde guztiei eragingo die”. Horrela, Norvegiak, adibidez, 36.075 dosi jasoko ditu datorren astean, aurreikusitako 43.875ak beharrean, hau da, % 17,78 gutxiago.
Une honetan, Espainiak 350.000 dosi jasotzen ditu astelehenero, Osasun Ministerioaren arabera. Norvegiak jakinarazitako murrizketa aplikatzen baldin badiote, astero 62.230 dosi gutxiago jasotzera pasako litzateke, hau da, 287.770.
Norvegiak jakitera eman duenez, "oraindik ez dago argi zenbat denbora pasako den Pfizerrek ekoizpen gaitasun osoa berreskuratu arte".
Agindutako dosi guztiak iritsiko direla azpimarratu du Europar Batzordeak
Pfizerrek txertoaren banaketa aldi baterako eten egingo duela jakin ostean, Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidenteak esan du enpresa farmazeutikoari erosi zaizkion dosi guztiak urteko lehen hiruhilekoan iritsiko direla Europar Batasunera.
Von der Leyenek azaldu duenez, Pfizerreko arduradunekin hitz egin du eta "dosi guztiak urteko lehen hiruhilekoan banatuta" egongo direla ziurtatu diote.
"Badakite egoera oso zaila dela, lehendabiziko dosiak jarri ditugula eta laster bigarrena eman beharko dugula; beharrizan medikoa da", adierazi du Lisboan egin duen agerraldi batean.
Halaber, gogora ekarri du batez beste 10 urteko epea behar izaten dela txerto bat garatu eta banatzeko, eta prozedura urtebetean eginda arazoak sor zitezkeela espero zutela erantsi du. Hala, lasaitasunerako deia egin du.