Koronabirusa
Bi milioitik gora lagun hil dira covid-19ak jota mundu osoan
L.Z. | EiTB MEDIA
Zehazki, birus horrekin kutsatutako 2.000.905 pertsona zendu dira pandemia hasi zenetik; 15.121 azken 24 orduetan. AEB da buru hildako gehien izan dituzten herrialdeen zerrendan.
Bi milioitik gora lagun hil dira covid-19ak jota mundu osoan, Johns Hopkins unibertsitateak emandako azken datuen arabera.
Zehazki, birus horrekin kutsatutako 2.000.905 pertsona zendu dira pandemia hasi zenetik; 15.121 azken 24 orduetan.
AEB da buru hildako gehien izan dituzten herrialdeen zerrendan (389.581 hildako). Brasilek eta Indiak hartu dituzte zerrenda horretako bigarren eta hirugarren tokiak. 207.095 hildako izan ditu lehenak, eta 151.918 bigarrenak.
Kutsatutako pertsona kopuruari dagokionez, Johns Hopkinsen zenbaketan oinarrituta, 93.418.283 kasu positibo daude gaur-gaurkoz; aurreko egunean baino 739.238 gehiago. Kasu honetan ere, AEB, India eta Brasil dira kutsatu gehien dituzten herrialdeak: 23,3 milioi, 10,5 milioi eta 8,3 milioi, hurrenez hurren. Orain arte, 51.536.442 lagunek gainditu dute covid-19a mundu osoan.