Itxi

Koronabirusa

18 pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak murrizketekin lotutako istiluetan

Mikel Dominguez | EITB Media

Leer en Castellano

Larunbatean eta igande goizaldean "botiloiak, legez kontrako festak eta istiluak" izan direla esan du Segurtasun Sailak. 735 zigor jarri dituzte.

Ertzainak Donostian. EITB Mediaren bideo bateko irudia

18 pertsona atxilotu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan covid-19aren kontrako murrizketekin lotutako istiluetan, botilioietan eta legez kontrako festetan neurri murriztaileak ez betetzeagatik 735 akta ireki dituzten asteburuan, Ertzaintzak esan duenez.

Bizkaian hamar pertsona atxilotu ¡ eta 320 zigor jarri dituzte; Gipuzkoan, zazpi eta 254, eta Araban, bat eta 161.

Donostian, Ertzaintzak Trinitate Plaza hustu zuen 20:00ak inguruan, larunbatean, "pertsona askok botiloia egiteko asmoa" zutelako. Ertzainei objektuak jaurti zizkieten eta lau pertsona atzeman dituzte istiluetan.

20:10ean, Mungian (Bizkaia) "hainbat pertsonak neurriak betetzen ez zituzten" kale batera joan ziren Ertzaintzaren zenbait patruila. Poliziak esan duenez, gazteren batek ertzainaren kontra egin zuen, eta 19 urteko gizon bat atxilotu dute, autoritate agenteen kontrako atentatuagatik.

Gainera, Gasteizeko ostalaritza establezimendu batean zutik eta sei pertsonatik gorako taldeetan urtebetetze festa bat ospatzen ari ziren 55 pertsona salatu ditu Ertzaintzak, baita lokalaren jabeak ere.

Bilbon, 5:10 inguruan, jai bat topatu du pabilioi bateko atikoan, bizilagun batek gau osoan musika entzuten ari zela ohartarazi ostean. 36 pertsona identifikatu dituzte.

Gainera, Gipuzkoan, Olaberrian eta Irunen kalean covid-19aren kontrako neurriak errespetatu gabe edaten ari ziren pertsonak ere salatu dituzte.

Ertzaintzak "osasun araudia zorrozki betetzen dela" zainduko du

Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak asteburuko "gizalegearen kontrako ekintzak" kritikatu ditu, eta ohartarazi du Ertzaintzak "osasun araudia zorrozki betetzen dela" zaintzen jarraituko duela.

"Bizitza dugu jokoan, batez ere arrisku taldekoena. Gizarte heldu batek ezin ditu mota honetako gizalegearen kontrako ekintzak onartu", esan du.

Mungiako Udalaren gaitzespena

Mungiako Udalak covid-19aren kontrako neurriak errespetatzen ez dituztenen jarrera "insolidarioak, gizalegearen kontrakoak eta fustifikaezinak" salatu ditu.

Istiluen ostean, Udalak "gogor gaitzetsi" ditu gertaerak, "pertsona batzuek euren gurariak guztion ongizatearen gainetik ipini eta besteonganako errespetua ahaztuta eragindakoak".

"Sinestezina da oraindik batzuek ez ulertzea mundu osoan eta, ondorioz, gure herrialdean eta herrian bizi dugun egoera zein den", esan du.

Albisteak (2)