Itxi

Txertaketa

Pfizer txertoaren ohiko bidalketaren % 56 jaso du astelehen honetan Euskadik

L.Z. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Guztira, 8.736 dosi jaso ditu. Txerto gutxiago bidaltzea erabaki du Osasun Ministerioak, bigarren dosia ziurtatu ahal izateko.

Iritsi da EAEra Pfizerrren asteroko bidalketa. EFEren artxiboko argazkia

Dagoeneko iritsi da Forondako aireportura Pfizer txertoaren asteroko bidalketa, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean piztutako eztabaidaren erdian. Izan ere, banaketa egiten duen enpresak aldi baterako ekoizpena murriztu ostean, zenbait erkidegotara dosi gutxiago bidaltzea erabaki du Sanchezen Gobernuak.

Osasun Saileko iturriek aurreratu dutenez, Osasun Ministerioak jakinarazi zien ohiko bidalketaren % 56 jasoko zutela; hots, 15.600 dosi bidali beharrean, 8.736 igorriko zituztela, eta esandakoa bete dute.

"Bigarren dosia bermatze aldera", txerto gutxien jarri dituzten erkidegoei dosi gutxiago bidaltzea erabaki zuen Salvador Illak zuzendutako ministerioak.

Horren aurrean, Iñigo Urkullu lehendakaria haserre agertu da "Euskadiren txertatze estrategiak bigarren dosia aintzat hartzen zuelako". Haren esanetan, Euskadik txertoen % 46,2 soilik jarri ditu, lehen dosia hartu dutenei bigarren dosia jarri ahal izateko. Estatu espainiarrean, berriz, batez beste, jasotako dosien % 67,5 jarri dituzte.

Eztabaida horretan sartuta, Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkari Denis Itxaso sozialistak Jaurlaritzari esan dio txertoak ez direla gordeta edukitzeko, behar dutenei jartzeko baizik.

Gotzone Sagarduik adierazpen horiekin "ados" dagoela erantzun dio astelehen honetan Denis Itxasori, baina argi utzi nahi izan dio Euskadik ez dituela txertoak gorde.

Albisteak (6)