KORONABIRUSA
Udaltzaingoak 60 zehapen-proposamen jarri ditu Gasteizko lokal batean
EITB MEDIA
Asteburuan zehar, Udaltzaingoak 249 zigor proposamen jarri ditu Arabako hiriburuan, covid-19aren aurkako araudia ez betetzeagatik.
Gasteizko Udaltzaingoak 249 zehapen-proposamen jarri ditu guztira asteburuan, covid-19ari aurre egiteko araudia ez betetzeagatik; horietatik 60 Lasarteko ostalaritza-lokal batean jarri ditu.
Salaketa gehienak, 110, maskara ez eramateagatik edo gaizki erabiltzeagatik jarri zituzten, 52 segurtasun-distantzia ez gordetzeagatik, 30 bi metroko distantzia zaindu gabe erretzeagatik, 14 etxeratze-agindua ez errespetatzeagatik eta 14 sei pertsonako taldeko muga ez betetzeagatik.
Horiez gain, bost establezimenduren titularren kontrako salaketa proposamenak ere jarri zituen, arauak betetzen zirela ez zaintzeagatik: hiru ordutegiak ez betetzeagatik eta bi baimendutako edukiera gainditzeagatik.
Zigor gehien jartzea eragin zuen ustezko arau-haustea igandean izan zen, Lasarteko taberna batean. Agenteek 60 zigor proposamen jarri zituen: erdiak, maskara ez eramateagatik, eta beste erdiak, segurtasun distantzia errespetatu gabe erretzeagatik.
Larunbatean, baimendutako edukiera gainditzeagatik salatutako Foru kaleko establezimendu batean esku hartu zuen Udaltzaingoak. Bertan, 24 zehapen-proposamen egin zituen segurtasun-distantzia ez errespetatzeagatik eta beste 24 maskara ez erabiltzeagatik.
Egun berean, San Antonio kaleko ostalaritza-lokal batean esku hartu zuen Ertzaintzak. Agenteek urtebetetze festa bat aurkitu zuten, eta parte-hartzaileak "ez zeuden eserita eta sei pertsonatik gorako taldeetan zeuden". 55 pertsona zigortu zituzten, parte-hartzaileak eta lokaleko jabeak zenbatuta.