Koronabirusa
Osakidetzak txertoaren 29.325 dosi eman ditu, ia denak lehengo dosiak
agentziak | eitb media
Eusko Jaurlaritzaren arabera, txertoak gorde izan ez balituzte, datozen zazpi egunetan bigarren txertoa behar dutenen erdiek soilik jasoko zuketen.
Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi du orain arte covid-19aren aurkako 29.325 dosi eman dituztela, eta horietako 28.930, ia guztiak, lehenengo dosia izan direla. Gainera, 914 langilek jaso dute txertoa, tartean Modernaren 700 dosi.
Sagarduik Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, EAE elkartasun eta zuhurtzia printzipioetan oinarrituta "ari da txertaketa prozesuan aurrera egiten", "hasieratik diseinatutako" estrategiarekin, "bigarren dosia bermatuz".
Horrela, EAEn 29.325 dosi eman dituzte; horietatik, 28.930, lehen dosiak, eta, 395, bigarren dosiak. Adinekoen egoitzetan bizi diren pertsona guztiek jaso dute lehena. Gainera, igandean, lehen 21 egunak bete ostean, asteazken honetan ekingo diote bigarren dosia emateari.
Joan den ostiralean hasi ziren Osakidetzako osasun-langileak txertatzen eta, orain arte, 914 langileri jarri diete txertoa. Hasiera batean, Bizkaian, Modernaren 700 dosi eman zitzaizkion kolektibo horri, eta, gainerakoek, Pfizerrena jaso dute.
Sailburuak gogorarazi duenez, dosien erabilgarritasuna ez dago bere Sailaren esku, ezta Espainiako Osasun Ministerioaren esku ere.
Hori dela eta, EAEk "zuhurtzian oinarritutako" estrategiarekin eta "materialaren kudeaketa onarekin" jarraituko duela esan du, txertaketa "zuzena eta osoa" izan dadin eta hornidura falta izanez gero, immunitatea berma dadin. "Horixe egin dugu eta egiten jarraituko dugu, estrategia egokia dela frogatu delako", esan du.
Gainera, zehaztu du ez dela "gaitasun" kontua, Osakidetzak aurten 600.000 txerto jarri dituelako gripearen kontra, baizik eta "dosien erabilgarritasuna". "Dosi gehiago ditugun heinean, txertaketa zabaltzen joango da, erritmoa areagotuz", esan du.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, txertoak gorde izan ez balituzte, datozen zazpi egunetan bigarren txertoa behar zutenen erdiek soilik jasoko zuketen. "Eta ez hori bakarrik, hiru aste barru ezingo litzaieke lehen dosia eman kolektibo berriei", zehaztu du.