Itxi

KORONABIRUSA

Basurtuko eta Santa Marinako zuzendariek kargua utzi dute, txertoa hartu eta gero

N.B. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eduardo Maizek eta Jose Luis Sabasek Osakidetzak ezarritako irizpideak hautsi, eta arrisku taldeen aurretik txertoa hartu dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eduardo Maiz eta Jose Luis Sabas Basurtuko eta Santa Marina (Bilbo) ospitaleetako zuzendariek, hurrenez hurren, beren erantzukizunak utzi behar izan dituzte, covid-19aren aurkako txertoa hartu ostean, ez baitituzte bete Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak ezarritako irizpideak, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenez.

Maiz kargutik kendu dute, eta Sabasek dimisioa aurkeztu du.

Osasun Sailak baieztatu duenez, bi ospitaleetako zuzendariek kargua utzi dute dagoeneko, koronabirusaren pandemiaren aurkako txertoa hartu dutelako, Osakidetzak zehaztutako arrisku taldeen aurretik.

Osasun Ministerioaren protokoloak jasotzen duen bezala, egoitzetako erabiltzaileek eta zentro horietako langileek hasi zuten txertaketa-prozesua, eta ospitaleetako profesionalei lehen txertoak ematen hasi dira, pandemiaren aurkako borrokan eguneroko lanean jarduten baitira.

Ez Maiz ez Sabas ez dira lehen fase honetan lehentasunezkotzat jotzen diren taldeetakoak.

Sabas eta Maiz Bilboko Udaleko zinegotzi izan ziren bi zentroetako zuzendaritza hartu aurretik.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egingo du Eusko Legebiltzarrean pandemiaren bilakaera azaltzeko eta gai hori ere azalduko du.

"Zerbaitetan huts egin badut, barkamena eskatzen dizuet"

Basurtuko Ospitaleko zuzendariak barne mezu bat bidali die langileei, eta bertan, langileei agur esan die, alde egitearen arrazoiak aipatu gabe, eta barkamena eskatu die "zerbaitetan huts egin badu".

Testuak dioenez, "garai gogorra izan da profesionalki. Covidaren pandemiak gugandik jakintza profesionalaren onena atera du. Datozen hilabeteetan zuen profesionaltasun guztia erakusten jarraituko duzue, Bilbao-Alonsotegiko pertsonei arreta eskainiz".

Eduardo Maizek eskerrak eman dizkie profesionalei egindako ahaleginagatik eta gaineratu du: "Zerbaitetan huts egin badut, barkamena eskatu nahi dizuet".

Jaurlaritzak ikerketa bat abiatu du

Eusko Jaurlaritzak barne ikerketa abiatu du Bilboko bi ospitale horietako zuzendariekin gertatutakoaren harira, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakitera eman duenez.

Legebiltzarrean egindako agerraldian, "beti eta aitzakiarik gabe" txertaketa arrisku taldeei eta osasun langileei lehenestea exijitu du Sagarduik. Halaber, ziurtatu du "argiak eta zorrotzak" direla arrisku talde horiek osatzen dituzten pertsonen gaineko protokoloak.

Horregatik, protokolo horiek bete ez dituzten bi kasuak ezagutu ostean, ikerketa bat abiatzea erabaki dutela adierazi du, eta ondoren iritsi omen dira Maizen eta Sabasen dimisioak.

BIDEOA: Oposizioak kontrol eza leporatu dio Jaurlaritzari txertoaren kanpainan

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Albisteak (3)

Bideoak (1)