Itxi

Koronabirusa

Etxeratze agindua aurreratu ezinda, herri guztiak ixtea aztertuko du gaur LABIk

E.G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Illa ministroaren ezezkoaren aurrean, eskura dituen beste murrizketa batzuk ezar litzake Jaurlaritzak: 19:00etan jarduera oro etetea eta talde bilerak gehienez lau pertsonakoak izatea.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Illa Osasun ministroak emandako ezezkoaren ostean, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) ezingo du azkenean etxeratze agindua 20:00etara aurreratu, baina eskura dituen beste neurri batzuk zorroztu ahalko ditu birusaren hedapena geldiarazten saiatzeko. Izan ere, gune gorriaren atarian dago Euskadi (Bizkaia ostegun honetan sartu da). 

LABIk bilera du ostiral honetan. 12:00etan hasiko da Lehendakaritzan, eta bileraren osteko agerraldia zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.eus-en. Litekeena da bertan neurri murriztaile gehiago hartzea, betiere Alarma Egoeraren dekretuak ezarritako mugen baitan.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak asteazkenean aurreratu zuenez, proposamena honakoa izango litzateke: udalerri guztiak perimetralki ixtea, eta 19:00etan dendak eta jarduera (sozial, kultural eta kirol arlokoak) oro etetea. Gainera, eremu publikoan eta pribatuan gehienez lau pertsona elkartzea ere izango dute mahai gainean.

Atzo, Euskadik ez ezik, beste erkidego batzuk ere eskatu zuten etxeratze agindua aurreratzea (Alarma Egoeraren dekretua aldatu beharko litzateke horretarako), baina Salvador Illa Osasun ministroak azaldu zuen eskaera onartuz gero, jendearen mugikortasuna agian ordu tarte txikiagoan pilatuko litzatekeela eta, ondorioz, "alde onak eta txarrak" izango lituzkeela neurriak. Dena dela, Espainiako Gobernuak aztertzen jarraituko zuela berretsi zuen ministroak.

Iñigo Urkulluren ustez, "aukera bat" galdu zen asteazkeneko batzarrean "adostasunean sakontzeko", eta "egoera oso larria" dela nabarmendu zuen. Errefusak errefusa, Eusko Jaurlaritzak "dituen tresnekin lanean" jarraituko zuela azpimarratu zuen, bihar LABIk duen bilerari erreferentzia eginez.

Euskadik eguneko 1.000 kutsatzeen langa psikologikoa gainditu du asteon, eta egoera epidemiologikoaren eremu kritikoenean sartzekotan dago erkidegoa (intzidentziaren tasa metatua 480an kokatu zen atzo; 500dik gertu dago, beraz).

Horrez gain, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak urtarrilaren 4tik ospitaleratzeetan gertatzen ari den goranzko "joera kezkagarriaz" ohartarazi zuen.

Osasun arduradunak emandako datuen arabera, Osakidetzak 460 ohe baino gehiago ditu covid-19aren gaixoekin, hau da, gaitutako ohe guztien % 8,19 eta ospitaleratutako gaixoen % 10,34. Zainketa intentsiboetako unitateen okupazioari dagokionez, aste honetan 20 ospitaleratze baino gehiago izan dira, eta gaur egun 97 gaixo daude gelotan.

Sagarduik azaldu zuenez, gaur gaurkoz, 100 paziente positibotik 12 ospitaleratzen dituzte, eta zainketa intentsiboetako unitateetan 100 paziente positibotik bat. Hori horrela, sailburuak argitu zuen espero izatekoa zela "ospitalean eta zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratzen diren gaixoek gora egiten jarraitzea datozen bi asteetan". Izan ere, "kutsatzeen jaitsiera gertatzen denetik, astebete eta bi aste artean igaroko dira ospitaleratzeak egonkortzeko, eta bi eta lau aste artean, zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutako covid pazienteen ospitaleratzeak egonkortzeko".

Horri guztiari aurre egiteko, Jaurlaritzak uste du lehenbailehen hartu behar direla neurri murriztaileak, eta printzipioz, "otsailaren amaierara arte" luzatu beharko liratekeela, "hamabostean behin berrikusita".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Albisteak (4)

Bideoak (1)