KORONABIRUSA
200etik gora positibo atzeman dituzte berriro Nafarroan
L. Z. | EITB MEDIA
Noain eta Iruñeko Iturrama auzoa dira azken orduetan datu kaskarrenak jaso dituztenak, bakoitzean hamarna kasu berri zenbatu baitituzte.
Berrehuneko langa gainditu zutenetik, behera egin ezinda dabiltza covid-19 kasuak Nafarroan. Asteazken honetan ere, 225 kutsatze berri atzeman dituzte, Nafarroako Gobernuak eman dituen behin-behineko datuen arabera.
Atzo 3.081 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 145 gutxiago) eta horietatik 225 positibo izan ziren, aurreko egunean baino 25 gehiago. Hala, positibotasun tasa % 7,3ra igo da, bezperan baino puntu bat gehiago.
Noain eta Iruñeko Iturrama auzoa dira azken orduetan datu kaskarrenak jaso dituztenak, bakoitzean hamarna kasu berri zenbatu baitituzte.
Andosillan, bestalde, baheketa masiboa egingo dute ostiral honetan, kasuek bertan izandako gorakada etete aldera. Atzokoan, lau positibo berri atzeman zituzten.
Bestalde, EAEri dagokionez, 1.115 kasu berri atzeman zituzten atzo.
Espainiako Estatuan, berriz, Osasun Ministerioak covid-19aren beste 44.357 kasu zenbatu zituen atzo, eta guztira 2.456.675 dira pandemia hasi zenetik kutsatutakoak. 100.000 biztanleko inzidentzia 795,65raino igo da, bezperan baino 59 puntu altuago, eta muturreko arriskua halako hiru.
Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, 404 pertsona hil dira azken 24 orduetan gaitzak jota, eta hildakoak guztira 55.041 dira pandemia hasi zenetik, azken 1.146ak astebetean.