Itxi

Txertaketa

Aburtok dio “kolpe latza” izan dela Basurtuko eta Santa Marinako zuzendarien jokaera

L.Z. | EiTB MEDIA

Leer en Castellano

Sagarduiren adierazpenekin bat, Bilboko alkateak gogorarazi du Osakidetzak ezarritako protokoloa bete beharrean daudela, eta ardura publikoa dutenak eredu izan behar direla horretan.

Bilboko alkate Juan Mari Aburto. ETBren bideo batetik hartutako artxiboko irudia

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok ziurtatu du "kolpe latza" izan dela Eduardo Maiz eta Jose Luis Sabas Basurtuko eta Santa Marinako ospitaletako zuzendariek koronabirusaren aurkako txertoa hartu izana, Osakidetzako protokoloa hautsita. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egindako barne ikerketa bati esker, kargua utzi behar izan dute biek ala biek.

Gainera, "harrigarritzat" jo du etxeratze agindua 20:00etara aurreratzeko egindako proposamenari Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak emandako erantzuna, eta Bilbo itxi baino egun bat lehenago "egoera honetatik lehenbailehen ateratzeko erronka" ezar dezatela eskatu die bilbotar guztiei.

"Arraroa da asteburuan Osasun Ministerioak erkidegoen iritzia eskatzea, eta azkenean etxeratze agindua aurreratzeari ezezkoa ematea", erantsi du.

Edozein modutan, Euskadiren esku dauden neurriak ezartzea proposatu du irtenbide gisa. Ostiral honetan bertan, Iñigo Urkulu lehendakariak zuzenduta, bilera egingo du LABIk euskal erakundeetako ordezkariekin. Aburto bera ere han izango da, "birus madarikatu honen hedapenari konponbidea bilatzeko", esan du Bilboko alkateak.

Osasun sailburuak Espainiako Gobernuarekin eta gainerako autonomia erkidegoekin egindako bileratik atera zen proposamenetako bat izan zen ostalaritza 19:00etan ixtea. "Inori ez zaigu gustatzen jarduna etetea, eta are gutxiago ekonomia gelditzea. Gure asmoa ez da inori kalte egitea. Gure helburua da birusaren hedapena eten ahal izatea", azpimarratu du.

Harira itzuliz, Onda Vascan egin dioten elkarrizketan (Europa Press albisteak jasotakoa), Aburtok azaldu du "zalantzarik gabe kolpe latza izan dela aipatu bi ospitaletan gertatutakoa, eta Gotzone Sagarduik horren harira egindako adierazpenak ekarri ditu gogora: "Beti eta aitzakiari gabe arrisku taldeen txertaketa lehenetsi behar dugu".

Sagarduik esan zuena errepikatuz, Bilboko alkateak gogorarazi du Osakidetzak ezarritako protokoloa bete beharrean daudela, eta ardura publikoa dutenak eredu izan behar direla horretan.

Erantzukizunak argitzeko exijitu du ESK sindikatuak

ESK sindikatuak ostegun honetan salatu du "gerenteentzako txertoak soilik" dituela Osakidetzak, ezarritako protokoloak hautsi arren. Horregatik, exijitu du horrekin lotutako erantzukizunak argitu ditzatela.

Ildo horretan, ESK haserre azaldu da Basurtuko eta Santa Marinako ospitaletako zuzendariek erakutsitako "etika faltagatik".

"Gisa horretako jokaerak onartezinak dira. Ikerketa sakona abiatzea eta antzeko jokabideak azaleratzea exijitzen dugu", adierazi du ohar baten bidez.

Gainera, Gotzone Sagardui Osasun sailburuari aurpegiratu dio"komunikabideen aurrean "itxura ematea" dela egin dituen adierazpenen asmo bakarra.

Iturgaiz: "EAJren lehentasuna alderdia da, euskal gizartearen aurretik"

PPk Euskadin duen presidente Carlos Iturgaizen ustez, aipatu ospitaletako zuzendarien jokaerak argi uzten du zein diren EAJren lehentasunak: "lehendabizi eurak, ondoren euskal herritarrak".

Txio baten bidez, Eduardo Maiz eta Jose Luis Sabasen dimisioei buruzko iritzia eman du Iturgaizek.

"Gardentasuna inoiz baino garrantzitsuagoa denean, susmoen, dimisioen, kargu-aldaketen eta nepotismoaren irudi bilakatu da Osakidetza", esan du PPko buruak.

 

 

 

Albisteak (1)