Itxi

INGURUMENA

Microsoft Al for Earthek EAEko beste bi proiektu saritu ditu

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Green Cyber Rating eta Predicoa proiektuek ingurumena hobetzeko helburua duen konpainiaren ekimenera batu dira.

Microsoft logoa. Argazkia: EFE

Microsoft Al for Earthek ingurumena hobetzeko Euskal Autonomia Erkidegoko bi proiektu saritu ditu: Green Cyber Rating izenekoa, enpresen zibersegurtasuneko eraginkortasunik ezak eta horiek ingurumenean duten eragin teoriko eta errealari buruzko erlazioa neurtzea helburu duena, eta Predicoa izenekoa, gariaren laborantzan beharrezkoa den ongarri nitrogenatuaren dosia doitzeko eredu prediktiboa garatuko duena, lursailari etekin handiena atera ahal izateko ingurumenari kalte egin gabe.

Microsoften Al for Earth programak proiektuak bultzatuko ditu mundu osoan eta 50 milioi euroko aurrekontua izango du. Konpainiaren arabera, programa honen barruan jasotako ekimenen helburua "gizarteak dituen erronkei aurre egiteko irtenbideak aurkitzea da, ingurumena hobetzeko, klima-aldaketari aurre egiteko eta, azken finean, planeta zaintzeko".

Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, Microsoftek topaketa bat antolatu zuen diziplina anitzeko profesional eta lantalde batzuekin, eta horiek adimen artifiziala aplikatuz ingurumena hobetzeko proposamenak eta ideiak aurkeztu zituzten. Jardunaldi horietan aurkeztutako bi proiektu dagoeneko garatzen ari dira aipatutako programari esker.

Konpainiak eta Eusko Jaurlaritzak iragarri dutenez, beste bi proiektu batu dira ekimenera, eta finantziazio-beka bat jasoko dute: prestakuntza, aholkularitza teknikoa, Microsofteko adituen laguntza eta Microsoft Azuren cloud plataforma erabiltzeko 15.000 dolar izango dituzte.

Horrela, Green Cyber Rating eta Predicoa gehitu ondoren, EAEko lau proiektu dira teknologiaren eta adimen artifizialak profesionalen eskura jartzen dituen tresnen bidez ingurumena hobetzeko mundu mailako ekimen honekin bat egin dutenak.

Green Cyber Rating

Green Cyber Ratingek ingurumenaren arloko zibersegurtasuna du ardatz; neurtzeko metodo berri bat garatu nahi du modu estandar eta unibertsalean, zibersegurtasunari aplikatutako adimen artifizialeko teknikekin lan eginez. Proiektuak 18 hilabeteko iraupena du gutxi gorabehera, eta tresna bat eskaini nahi die gobernuei eta administrazioei beren zibersegurtasun-politikek eragindako ingurumen-inpaktuaren aztarna ikuskatzeko, inbentariatzeko eta kontrolatzeko, eta aukera ematen die dauden gabezien ondorioz egon daitezkeen inpaktuak mugatzeko, aurre egiteko, hobetzeko, optimizatzeko eta kontrolatzeko.

Predicoa

Predicoak, berriz, nekazaritzaren sektorean jarri du fokua. Adimen artifizialean oinarritutako eredu prediktibo bat garatu nahi du, gari-hazkuntzak lursailean duen errendimendua etapa goiztiar batean balioesteko, ongarri nitrogenatuaren dosia laborearen beharretara egokitzeko. Ongarria modu egokian doitzeak lursail bakoitzean laborearen errendimendurik handiena lortzea ekarriko du, ingurumenari kalterik eragin gabe.

Proiektu honek fase pilotu bat izango du Euskadin, udara arte iraungo du, eta iturri ezberdinak erabiliko ditu datu osagarriak biltzeko, eta Microsoft Azureren hodeiaren ahalmen guztia aprobetxatuko du iragarpenak egiteko eredu sendo bat garatzeko.

Albisteak (2)