Koronabirusa
LABI teknikoak EAEko udalerri guztiak ixtea proposatu du
Mikel Dominguez | EITB Media
Gainera, LABIren Batzorde Teknikoak bilera guztiak lau pertsonara mugatzea ere proposatu dio Aholku Batzordeari.
LABIren Batorde Teknikoak konfinamendu perimetrala Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztietan ezartzea proposatu du, baita espazio publiko eta pribatuetako bilerak lau pertsonara mugatzea ere.
Teknikoek Aholku Batzordeari proposatu dioten itxiera perimetrala, gainera, Gabonen aurretik ezarritakoa baino zorrotzagoa da. Izan ere, alboko udalerrira ezin pasatzea proposatu dute teknikoek, mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko helburuarekin.
Orain, LABIren Aholku Batzordeak hartu beharko du covid-19aren pandemiaren kontrako neurrien ingruko erabakia. 14:00etarako dago aurreikusita Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren agerraldia, eta eitb.eus-en zuzenean jarraituko ahalko da.
Etxeratze-agindua, 22:00etan
Euskadik ez ezik, beste erkidego batzuk ere eskatu zuten etxeratze agindua aurreratzea (Alarma Egoeraren dekretua aldatu beharko litzateke horretarako), baina Salvador Illa Osasun ministroak azaldu zuen eskaera onartuz gero, jendearen mugikortasuna agian ordu tarte txikiagoan pilatuko litzatekeela eta, ondorioz, "alde onak eta txarrak" izango lituzkeela neurriak. Dena dela, Espainiako Gobernuak aztertzen jarraituko zuela berretsi zuen ministroak.
Iñigo Urkulluren ustez, "aukera bat" galdu zen asteazkeneko batzarrean "adostasunean sakontzeko", eta "egoera oso larria" dela nabarmendu zuen. Errefusak errefusa, Eusko Jaurlaritzak "dituen tresnekin lanean" jarraituko zuela azpimarratu zuen, bihar LABIk duen bilerari erreferentzia eginez.