Itxi

Koronabirusa

EAEko udalerri guztiak itxi eta bilerak lau pertsonara mugatu dituzte

Mikel Dominguez | EITB Media

Leer en Castellano

Neurriak autonomia erkidego osoan zorroztu ditu LABIk, astelehenetik aurrera. Saltokien ordutegia ez da aldatuko, etxeratze-agindua ezin izan dutelako aurreratu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Bilerak lau pertsonara mugatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri guztien perimetroa ixtea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, LABI Aholku Batzordea bildu ostean Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri duenez. Neurriak astelehenean sartuko dira indarrean.

Erkidegoko udalerri guztien perimetroa itxiko dute, egoera epidemiologikoa kontuan hartu gabe, eta ezin izango da aldameneko udalerrietara joan jarduera sozioekonomikoak egiteko. Neuri horren helburua mugikortasuna ahalik eta gehien mugatzea da. Izan ere, "mugikortasunak pertsona bakoitza birusa garraiatzeko ibilgailu bihurtzen du.

Gainera, 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditzen duten udalerrietan neurri murriztaileagoak izango dira, orain arte bezala; hala nola, ostalaritza eta apustu etxeak itxita egongo dira eta ezingo da kirola taldean egin.

Bilerak, toki publikoetan zein pribatuetan, lau pertsonara mugatuko dira astelehenetik aurrera. Orain arte, muga sei pertsonatan zegoen. Ostalaritzako mahaiei ere eragingo die neurri horrek. Tabernetan eta jatetxeetan ezingo dira lau pertsona baino gehiago elkarrekin eseri.

Sailburuak azaldu duenez, neurri horren helburua da bizikidetza-burbuilatik kanpokoen arteko bilkurek "kutsatzeen transmisioan duten hedatze-uhina murriztea".

Erkidegoko udalerri guztien perimetroa itxiko dute, egoera epidemiologikoa kontuan hartu gabe, eta ezin izango da aldameneko udalerrietara joan, jarduera sozioekonomikoak egiteko.

Gainera, 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditzen duten udalerrietan neurri murriztaileagoak izango dira, hala nola, ostalaritza itxita egongo da.

Bilerak, toki publikoetan zein pribatuetan, lau pertsonara mugatuko dira astelehenetik aurrera. Orain arte, muga sei pertsonatan zegoen.

Aldaketarik ez ordutegietan

Covid-19 pandemiaren aurkako osasun neurriak zorroztea erabaki du Exekutiboak. Osasun Ministerioak etxeratzeko agindua 20:00etara aurreratzea errefusatu zuen asteazkenean, Lurralde arteko Osasun Kontseiluan. Horregatik, saltokien ordutegiak ez du aldaketarik izango, eta ez dituzte 19:00etan itxiko.

Sailburuak kritikatu duenez, Illaren Ministerioaren ezezkoak "esku hartzeko gaitasuna murrizten digu", gaueko mugikortasuna murrizteko neurria "eraginkorra" baita eta teknikoek babestuta dago.

Lurraldeen arteko Osasun Batzordearen azken bileran "Estatu osoko kasuen hazkunde-egoeran 'zirkuitulabur efektua" ekiteko aukera galdu dela kritikatu du Sagarduik.

"Abenduan hobeto geunden"

Printzipioz, neurriak 20 eguneko epean egongo dira indarrean. LABIk egoera epidemiologikoa aztertzen jarraituko du, etorkizunean neurriak egokitu behar dituen erabakitzeko. Sailburuak azaldu duenez, martxoan eta azaroan "oraingoan baino egoera txarragoan egon ginen", baina abenduan "orain baino hobeto geunden".

Ohiko osasun neurriak gogoratu ditu Sagarduik, eta musukoaren erabilera egokia azpimarratu du, bereziki barnealdean, "bereziki, barne-espazioetan ere, ariketa fisikoa egiten den espazioetan barne".

Eremu gorrian

Neurriak gogortu dituzten egunean, autonomia erkidegoa eremu gorrian sartu da. Intzidentzia metatua 507,48 kasukoa da 100.000 biztanleko, 14 egunetan. 13.154 test diagnostiko egin dituzte ostegunean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (8.583 PCR eta 4.571 test antigeno), eta horien guztien artetik 1.139 kasu positibo berri zenbatu: 174 Araban, 639 Bizkaian, 319 Gipuzkoan eta zazpi EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean.

Ospitaleen egoera gero eta txarragoa da. Koronabirusaren ondorioz beste 77 pertsona ospitaleratu dituzte ostegunean, eta guztira 501 lagun daude ospitaleetan, aurreko egunean baino 17 gehiago. Gainera, gaitza duten 109 pertsona zainketa intentsiboen unitatean daude, bezperan baino zortzi gehiago.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Albisteak (4)

Bideoak (1)