KORONABIRUSA
EAEk eta Nafarroak Erresuma Batuko aldaeraren 9 eta 4 kasu jakinarazi dituzte
N.B.| EITB MEDIA
Txosten baten arabera, Euskadin atzemandako hiru kasutan ezin izan da harreman epidemiologikorik ezarri Erresuma Batuarekin.
Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak, hurrenez hurren, Britainia Handiko aldaeraren bederatzi eta lau kasu jakinarazi dituzte, "VOCen 202012/01 Zirkulazioa (B.1.1.7) eta Espainiako osasun publikorako interesgarria den SARS-CoV-2aren beste aldaera batzuk" dokumentuan jasotakoaren arabera. Agiri hori Osasun Alertak eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak egin du, mikrobiologiako Zentro Nazionaleko, arnas birusen eta gripearen laborategiko, Epidemiologiako Zentro Nazionaleko, Valentziako Biomedikuntza Institutuko eta Valentziako Unibertsitateko eta FISABIOko adituekin batera.
Kasu gehienak Erresuma Batuarekin erlazionatuta daude epidemiologikoki, baina Euskadin detektatutako hiru kasutan lotura hori "ezin izan da ezarri", txostenaren arabera.
Osasun Ministerioak ohartarazi duenez, aldaera horrek kutsatzeko arrisku handiagoa du, baina kutsatutako pertsonek "ez dute gaixotasun larririk izateko arrisku handiagorik", eta ez die eragiten txertoen immunitate naturalari eta eraginkortasunari.
Estatu mailan, 157 kasu jakinarazi dituzte, gehienak Andaluzian (37), Madrilen (28) eta Balear Uharteetan (25). Txostenaren arabera, aldaera Granadako hondakin-uretan zegoen abenduaren 17an.