Itxi

Epaia

Ia 13 urteko zigorra ezarri diote Asier Nieblaren hiltzaileari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Hain zuzen ere, 12 urte eta 11 hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote. Gainera, espetxe zigorra bete eta gero, zaintzapeko askatasun egoeran izango da bost urtez.

Epaiketaren une bat. Argazkia: EFE

Epaimahaiak 12 urte eta 11 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio 2018an Donostian Asier Niebla urnietarra hil zuen gizonari. Hain zuzen ere, homizidioa egotzi diote, genero larrigarriarekin.

Epaiaren arabera, gainera, kondenatuak 100.000 euroko kalte-ordain bana eman beharko die Asier Nieblaren gurasoei, eta 40.000 eurokoa anaia bakoitzari (bi dira). Halaber, espetxe zigorra bete eta gero, zaintzapeko askatasun egoeran izango da bost urtez.

2018ko egun hartan, Asier Niebla emakume batekin hizketan ari zen, eta emakume horren bikotekide ohiak kolpatu egin zuen.

Asier Nieblaren auzia iritzi publikoaren erdigunean kokatu zen iragan azaroan, Urnietako (Gipuzkoa) Udalak legedia aldatzeko proposamena egin ondoren. Herrikidea eta beste gizonezko batzuk indarkeria matxistaren biktimatzat hartzea eskatu zuen erakundeak.

Kolektibo feministek “onartezintzat” jo zuten udalaren eskakizuna. “Kontzeptuak nahasiz eztabaida faltsua eta herritarrak nahasten” ari zirela kritikatu zuten.

Hala ere, iragan abenduan Gipuzkoako Auzitegiaren epaimahaiak auzia epaitu eta genero larrigarria aitortu du orain, herri akusazioak (Urnietako Udala) eta akusazio partikularrak (hildakoaren familia) eskatu bezala.

Orain, ildo horretan, sententziak jaso duenez, “Asier Niebla erasotzailearen bikotekide ohiarekin harremanetan egotea da erasoaren arrazoi bakar eta esklusiboa”, emakumearen eta hildakoaren arteko “kontaktua aldez aurretik hasi ala ez”.

"Beste mutil batekin" ikusten baldin bazuen "eraso" egingo zion

Testu judizialak gogorarazi duenez, “beste mutil batekin” ikusten baldin bazuen “eraso” egingo ziola “azaldu zion behin baino gehiagotan” auzipetuak bikotekide ohiari, “beste bikotekide batekin harreman bat hastea eragozteko helburuarekin”.

“Asierren aurka egindako erasoarekin”, auzipetuak “esandakoa bete zuen” eta neska “heriotzaren arduradun bihurtu zuen, erasotzailearen borondatea eta desira posesiboa bete ez zituelako”, erantsi du epaiak.

“Horrela, Asier Niebla hil zuen, bikotekide ohia menperatzeko, genero arrazoiengatik biktima bihurtuz”, ondorioztatu du testu judizialak.

“Gainera, emakumea berriro menperatzen saiatu zen, haren askatasuna murriztuz; izan ere, Asier hil eta harremana modu barkaezinean eten zuen, beste pertsona batekin harreman sentimentala hasteko aske hartutako erabakia deuseztatu zuelako”, epaiaren arabera.

Bestalde, genero larrigarriaren aplikazioa justifikatu du sententziak. “Berea izaten jarraitzen zuen” emakumearekin “harremanetan ari zen gizona” akabatu zuen kondenatuak; “genero arrazoiagatik, aukeratzeko askatasunik ez zuen emakumeak”.

Zigortuak “jiu-jitsu arte martziala praktikatu” eta “pisuak sarri altxatzen zituen, zaku bat eta pneumatikoak ukabilarekin astinduz; bere etxean bertan zuen ekipamendua”.

Albisteak (5)